Orotarik | 2026ko Maiatzaren 28a
Kukumarro
Xarles Videgain
(Joan den astekoaren segida)
Ohoin hitza merke erabiltzen da: ohoina da besterik gabe, merkatuan gauzak karioegi saltzen dituena. Edo jokoan tranpan egiten duena. “Gizon horrekin ez jokoan har, ohoin hutsa da”. Bainan badu beste erranahi pollita: zerbait ohoina da gure begia tronpatzen eta engainatzen balin badu. “Pentze hori ohoin da”, erran nahi du urrunetik aski handia ematen dukeela eta hara joan orduko ttipia dela ohartzen gara.
Joan den astean ñapurra aipatu dut bainan ohoin hitza amodioan ere agertzen da. Horra zer zioen Etxeparek 1545ean: “Bada neure maitia nik diotsut egia/Arrobatu nuzu eta balia bekit neuria/Ni enuzu ohoina arrobazer nizana”. Edo urrunago: “Enetako ohoin zira ohoin ere handi zira/Nik beharren nuien gauza daramazu zurekila”. “Arrobatzen” gero aipatuko dut.
Gertatzen da ohoinak ez direla beti akomeatzen beren artean eta elkar sala dezaketela, ustegabetarik edo nahitara, “Asarretu ziren ohoinak, eta ahari ebaslea agertu zen”. Ohartarazten dut “ohoin” eta “ebasle” emaiten dela ber erranaldian. Ezagunak dira ondokoak: “Xazko ohoinak aurtengoen urkazale” eta “Ohoin handiak urka erazten txipia”.
Lapur-amua aipatu dut, kasik ikusten ez dena. Ohoin-sakela ere isilekoa da, barnealdetik dagoena, beraz ikusten ez dena.
Zeruan badaude ohoinak, hala nola zazpi itoinak, idi-ohoinak eta erdaraz Hartzandiaren izar multzoa da. Cerquandek Muskildin bildu ipuin batek kontatzen du nola laborari bat, bere idiak, mutila, sehia, zakurrak han egoiten diren betiko elkarri loturik. Landaretan ere bada ohoin bat, gehienetan lapatina deitzen dena ezen hura igortzen balin bada norbaiten kontra, haren arropetan gelditzen da loturik: gahenetx ere deitzen da edota jendarmea. Uste dut jandarma aski berria dela zentzu honekinbainan erakuts lezake jandarma eta ohoin sinonimo izan daitezkeela.
Ohoinaren ondotik ebaslea gelditzen zaigu. Etxeparek amodio kontuetan ebastea erabiltzen du: “Andre eder jentil batek bihotza deraut ebatsi”. Hamar manamenduetan preseski aipatzen da: “Ez duk ebatsiren, besteren hunik ez duk ebatsiren”. Bahitzea adierazten du hala nola kantu zaharrean: “Hiru kapitainek galeriatik ebatsirik jina nuzu”. Ohoinak bezala “Ebasleak on dik ukoa”, dio erran zaharrak.
Jendeen isilean zerbait egitea ebaska da. Ez nakien ihiztariek ebatsi erraiten dutela: “Erbia ebatsian joan da”, hots zakurrek galdu dute. Ikusten da dantzan ere badela puntu bat ebats deitzen dena, urrats hura osoa ez balitz bezala, moztua edo laburtua. Pika eta ebats entzuten da mutxikoetan.
Eta azkenik jende andana bat lerro-lerro balin bada bere aldiaren aiduru farmazian edo postan eta zu kopeta handiz lehentzen balin bazara denen aitzinetik, norbaitek erran liezazuke: “Zure aldia ebasten duzu, zoaz gibelera besteak bezala”.
Hiru hitz horien ondotik, lapur, ohoin, ebasle, entzuten da, bainan gutiago, erdaratik jin “arrobatzen” hitza. Ez da arras gauza bera nahiz erdaraz “dérober” eta “robar” badakigun “ebastea” dela. Etxeparek hitza bazerabilan bainan zerbait galtzen delarik, entzuten da jendea edo lurra arrobatu duela itxes edo kalamitate batek, hala nola: “azken uholdeetan urak lur anitz arrobatu du”, edeki du, kendu du. Itsas bazterrean erran daiteke itsasoa hegia arrobatzen ari dela.
Horra beraz ohoinen eta ebasleen alde erraiteko nituenak.






