Gure Hitza | 2026ko Maiatzaren 28a

Gazteak eta gu

Jean-Louis Harignordoquy


Ahetzeko Mattin Treku bertsulariari norbaitek galdatu zion: “beti azkarrean?”. Ditxolariak zirt-zart hauxe ihardetsi zion: “adina bizkarrean!”. Aheztar errexiñoletak azken denborak arte atxiki zituen bere gaztaroko umorea, pindarra eta irri eginarazteko gogo bizia.

Jende gazteak badauzka aise ikasteko gaitasuna, bere ahal guzien eta gorputzeko indarren neurtzeko gutizia. Zuzen den bezala, bere ogibideari, bizitzako helburueri eta ametsen obratzeari maiz pentsatzen du. Gure belaunaldikoen eta gazteen artean ezberdintasunak izan ditaizke: ofizioak, afizioak, ohidurak, ausagailuak, atxikimendu motak, bertzeekin harremanetan sartzeko eta egoiteko moldeak. Halere, ongi da jende gazteek adin gehiago dutenekin harremanak ukaitea; alderantziz halaber. Ez da gutiestekoa gurutzamendu horiei esker gazteek ukaitea iraganaren berri, haien jakitatea aberastea, gazteek laguntzea zaharragoen izpiritua gazte atxikitzen. Zonbait aldiz, bitarteko paregabeak agertzen dira. Orion, beraiek baino 70 urte gehiago dauzkan B. Lertxundi kantuz omendu dute Iparralai eta Easo taldeetako haur eta nerabeek. Hain ongi bermatzen diren erakasleekin, molde bertsua asma ditaike Eñaut Etxamendiren eta bertze kantu idazleen obrekin. Zinez balio luke eta gure kulturaren onetan litzateke.

Beti presaka ibiltzeaz zer erran? Sare sozialak direla-eta, alde bat telefono mugikorrei so baldin bagaude, ez dugu, irakurtzeko astirik hartuko. Hortik dator liburuei eta aldizkariei buruzko interes falta. Joseba Sarrionandiaren arabera, laster irakurle baino idazle gehiago izanen da Euskal Herrian. Ondorioz, euskaraz pentsatzeko eta eztabaidatzeko gaitasuna apalduz. Omen dira gazteak diotenak Herria kazeta hau zaharkitua dela; bizkitartean astero gertakari berriez mintzo da, heietan asko gazteen jarduerei lotuak. Gure astekariak diru sartze eta giza baliabide handiagoak balitu, berri gehiago ere aipa ditzake.

Joan den egun batez, Urepeleko Daniel Xalbador kantariak hau zioen: “nik ez diat kasik Herria baizik leitzen; argazki eta orrialde parrastarekin, lehendanik hobetu duk. Haurra nintzanean, aita zenak manatzen zeakan ortzegunetan saltegitik Herria etxera ekartzea. Ahanzten banian, ene gain karrikara joan-jina berriz oinez egitea! Hura (Xalbador zena) Herriaren beha egonki zian berrien jakiteko eta bere euskara lantzeko orduko idazle maisuen kondatzeko erak aztertuz”. Mintzatzetik baitator argia, gure ingurukoei euskaraz leitzearen onurak errepika ditzagula, eta uztail arte iraunen duen diru biltze kanpainan parte hartu.



Email Facebook Twitter LinkedIn

3836. zbk

Gure Hitza | 2026/05/28

Gazteak eta gu

Jean-Louis Harignordoquy


Ahetzeko Mattin Treku bertsulariari norbaitek galdatu zion: “beti azkarrean?”. Ditxolariak zirt-zart hauxe ihardetsi zion: “adina bizkarrean!”. Aheztar errexiñoletak azken denborak arte atxiki zituen bere gaztaroko umorea, pindarra eta irri eginarazteko gogo bizia.

Jende gazteak badauzka aise ikasteko gaitasuna, bere ahal guzien eta gorputzeko indarren neurtzeko gutizia. Zuzen den bezala, bere ogibideari, bizitzako helburueri eta ametsen obratzeari maiz pentsatzen du. Gure belaunaldikoen eta gazteen artean ezberdintasunak izan ditaizke: ofizioak, afizioak, ohidurak, ausagailuak, atxikimendu motak, bertzeekin harremanetan sartzeko eta egoiteko moldeak. Halere, ongi da jende gazteek adin gehiago dutenekin harremanak ukaitea; alderantziz halaber. Ez da gutiestekoa gurutzamendu horiei esker gazteek ukaitea iraganaren berri, haien jakitatea aberastea, gazteek laguntzea zaharragoen izpiritua gazte atxikitzen. Zonbait aldiz, bitarteko...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016