Mundu zabalean | 2026ko Maiatzaren 28a
Bolloré Taldea indartsu
M.O.
Vincent Bolloré, milioidun frantziar industrialaria eta komunikabide batzuen jabea, azken denbora hauetan anitz aipatua da. Bolloré Taldea deitu sozietateko eta beste hainbat enpresetako akzioduna da. Hedabideetako kazetariak, argitaletxeetako idazleak eta entzun-ikus alorreko artistak hunen kontra agertzen ari dira.
Bazterrak kexu
Vincent Bolloré Frantziako pertsona aberatsenetako bat da (11.), bretainiar industria inperio bateko semea, azken hamarkadan gizon boteretsuenetakoa bihurtu da. Portuen logistikak, trenbideen garraioak edota komunikazioak kontrolatzen ditu, bere fortuna miliar eurotan kontatzen da.
Azken urte hauetan argitaletxeetan, telebista kateetan eta ikuskizun enpresetan inbertitzen du. Adibidez frantziar estatuko tren-geltokietako egunkari kiosko guzien jabe da.
Azken denbora hauetan bazterrak berotu dira. Grasset argitaletxeko gidaritza hartu berri du, Olivier Nora zuzendaria kanporatu du. Ondorioz 115 bat idazlek erabaki dute ez gehiago beren liburuak argitaletxe horretan publikatzea. Cannes-eko zinemaldian, jakin da enpresaburua Zinema Batasun Orokorreko (UGC) akziodun nagusia izanen dela. “Zapper Bolloré” kolektiboak zinema eta irudimen alorretan eskuin muturraren mezua pasaraztea leporatzen diote. UGC (Union Générale Cinématographique), ikus-entzunezko taldea da, Frantzian eta Belgikan film banaketan lan egiten du, filmak ere ekoizten ditu.
Afrika aberasteko
Hiru hamarkadatan, Bolloré Taldeak Afrikako logistika eta portuen erabilera kontrolatzen du. Dozena bat herrialde baino gehiagotan merkataritzarako funtsezko azpiegiturak kontrolatzen ditu. Horri esker Afrika izan da Bolloréren fortuna egiteko eremua. Afrikan ekonomikoki duen boterea hain da ikaragarria nun “Afrikako erregea” edo “Portuetako enperadorea” deitua den.
Bolloré ekonomia neokolonialismoaren adibide enblematikoa bihurtu da. Akusazioak anitzak dira. Lomeko (Togo) eta Konakryko (Ginea) portuak lortzeko lurrak legez kanpo ustiatu ditu, eskubide sozialak urratuak dira, zerga-ihesa eta buruzagi autoritarioekin hurbiltasuna leporatua zaio.
Bolloré Taldeko Afrikako sozietateen hedapen ekonomikoa puntu batzuen inguruan oinarritzen da. Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak 1990eko hamarkadan ezarri egituratze planaz baliatuz, enpresak plantatzeko guneak prezio apalean erosi ditu.
Havas agentziak, Bolloré akziodun nagusia dena, Afrikako hauteskunde kanpainetan ukan duen rola, batez ere Ginean eta Togon ikertua da.
Afrikako enpresaren irabaziak, portuetan, trenbideetan eta logistikan eginak izan dira. Ginea, Boli Kosta, Kamerun, Senegal eta Gabon bezalako herrietan plantatua da. Itsasoan duen botereaz gain, trenbide lineak gehitu behar dira, hala nola Boli Kostan, Burkina Fason eta Kamerunen.
Bolloré kondenatua
Vincent Bollorék ustelkeria kasu batean 2021ean onartu zuen bere errua eta 12 milioi euro ordaindu behar ukan zituen. Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat isuna ez da nahikoa. Geroztik Afrikako 11 elkarteek dirua gordetzea eta xuritzea leporatzen diote, salaketa bat Frantziako justiziaren eskuetan da.
Azpiegituren kontrol indartsu horrek afrikar herrialde batzuetan ondorio larriak ukan ditu. Esku-hartze hori ez da kasualitatea, Afrikako korridore ekonomikoak jabetzeko estrategia bat baizik, tokiko gobernuburuen konplizitatearekin.
Hedabideak mezua zabaltzeko
2000ko hamarkadatik aitzina, Bolloré Taldea pixkanaka hedabideen eta komunikazioaren sektorean sartuko da. Leporatua zaio beste kontrol gune bat idekitzea, gaur egun bere finantza iturri handia da,
Vivendi eta Universal-en bitartez. Vincent Bolloré jadanik Canal+ kanalaren eta bere filialen jabea zen, Studio Canal Europako zine ekoizleetan lehena dena erosi berri du, 2028rako nahi luke akziodun bakarra izan. Milioiduna film ekoizpen kate osoa kontrolatzeko gai izanen da, finantzaketatik hasiz… pantaila ttipi ala handietan ikusiko dena kontrolatu arte.
Eskuin muturraren zerbitzurako
Negozio gizonaren gibelean, milioidunak ez du gordetzen hedabide kateen bidez eskuin muturreko “zibilizazio proiektu erreakzionarioa” zabaldu nahi duela. Ofentsiba ideologiko hunek jendartean eragina ukanen du. Eskuetan dituen hainbat komunikabideek askatasun osoa emaiten diote nahi duen propaganda hedatzeko. Gutun ideki baten bidez entzun-ikus sektoreak iharduki du: “Ezin dugu erran ez genekienik. Zinema Zentro Nazionalaren (CNC) eta irrati-telebista publikoa desegitea RNren programa politikoaren parte da. Arriskua bada bihar ideologia baten zerbitzurako diren propaganda filmak soilik finantzatuko direla. Frantziako zinema eskuin muturreko buruzagi baten eskuetan utziz, irudimen kolektiboa bereganatuko du. Gu, produktoreak, banatzaileak, zinemagileak, teknikariak, langileak ez dugu gehiago ikusle izan nahi”.





