Herriz Herri - Heleta (NB) | 2026ko Maiatzaren 28a
Komunione handia - Besta Berri
Komunione handia
Igande huntan ginuen gure elizan parropiako haurren komunione handia edo bataioko agirien arraberritzea. Hor ziren 15 haur, 10 Heletatik, 2 Mehainetik, 2 Landibarretik eta 1 Armendaritzetik jinak. Bai erretoraren partetik, bai bi katixima andere egiletatik biziki ontsa prestatuak ziren eta kantu miresgarriak eman dituzte. Egia erran eliza betea zen, familiaz eta adixkidez beterik, meza eder bezain kartsua ukan dugu. Agian haur horiek ukanen dute beren biziaren egun eder horren oroitzapena, burasoen laguntzarekin, Mendekosteko izpirituak lagunduko ditu, gure elizek ukan dezaten gazteen hats berria, bailukete beharra.
Besta Berri
Zonbait egun lehenago jakitea hobe pasatu eta biharamunean baino, aurten ere gure gazteak ari dira dantzan trebatzen egun hortako, ezen bi igandez egina izanen baita. Lehen igandean ekainaren 7an eta bestea ekainaren 14an, dantzez bestalde dendariak ari dira arropen arranjatzen, beste batzu aldare gaineko ala inguruko, zoin kobreen dirdiratze, zoin oihal xuriak xuriturik lisatzen, erle kofoin baten barnean bezala bakotxa bere lan hartan.
Ez da oraikoa ohidura hori, XVII. mende inguruan Euskal Herriratua, herri gehienetan egiten zen gerla aitzineko urtetan, bi gerlen artean ttipitu zen hondar gerlatik lekura berriz hasi ziren, bainan oldar ttipiagoan, orain hamar bat herrik dute oraino biziarazten. Iduriz gazteen baitan berriz bada enbeia, berriz sortzen ari dena. Agian.
Krixto erregeri kantatuz, pasa ditela halere kartsutasun eta errespetuz, ez baitu erran nahi ez dela halere alegera behar.
Huna tenoreak: 7an meza (10:30), ondotik prozesioa, bezperak (16:00). Otabaz 14an, meza (10:30), bezperak (16:00), ondotik prozesioa.





