Ba ote dakixu? | 2026ko Maiatzaren 28a
Aupa Txuri-Urdinak! (4/4)
Gilen Bacho
Aitor Zabaleta, betirako gure bihotzetan
1962tik goiti, Realeko jokalari guziak euskaldunak izan ziren baina, 1989an, atzerritar jokalarieri idekitzea erabaki zen bi arrazoiengatik: 1986tik goiti, jokalari bat begiratzea bere nahiaren kontra ezinezkoa bihurtu zen (“derecho de retencion” araua ezeztatua izan baitzen) eta, euskal jokalarieri buruz, Athletic-en konkurrentzia zinez gogorra baitzen, Bilboko klubak baliabide ekonomiko handiagoak baitzituen. Halere, egun oraino, Realeko jokalarietarik %60 txuri-urdin klubean (Zubietan) formatuak izan dira, berezitasun bat egungo mundu profesionalean. 1989an, lehen atzerritar jokalaria Aldrige irlandesa izan zen eta denboraldi zinez ederra egin zuen, 16 gol markatuz. 1990eko hamarkadan, Realak ez zuen balentria handirik egin baina bi gertakari zinez garrantzitsu izan ziren. 1993an, txuri-urdinek Atotxa estadio historikoa utzi zuten Anoeta estadioan jartzeko, handiagoa baitzen baina zeinean giro gutiago bazen ere, partikulazki atletismo pistarengatik, zorionez kendua izan zena Anoeta berriz moldatua izan zelarik 2019an (urte horretatik landa, giroa berriz bero beroa da Anoetan, baieztatzen ahal dizuedan bezala bazkide gisa!). 1998an, Madrilen, txuri-urdinen historiako drama gertatu zen, Atletico Madrilgo zale zenbaitek, eskuin muturreko “Frente Atletico” taldekoek, Aitor Zabaleta 28 urteko txuri-urdin gazte zalea hil zutelarik. Horregatik, txuri-urdin guziek, duela hilabete bateko garaipena, Atletico Madrilen kontra, Aitor Zabaletari eskaini zuten (tifo izigarri eder batekin, eta, ber maneraz, Anoetako tribuna beroenak “Aitor Zabaleta” izena du).
Euskal talde handia
2002-2003ko denboraldian, Realak urte zinez ederra egin zuen, Denoueix entrenatzailearekin, eta Kovacevic golegilearekin, Liga bakarrik azken partidetan galduz, Zidaneren Real Madrilen kontra. Baina, urte berezi bat izan zen Realaren beherakadarekin, 2007an, Reala bigarren mailara jautsi baitzen. Beharrik, Jokin Aperribayren agintepean, 2008an klubaren presidente berria bihurtu zena, Reala berriz altxatu zen, lehen mailara berriz iganez 2010ean, txapeldun ligara berriz kalifikatuz 2013an, Antoine Griezmannekin eta Imanol Alguazil entrenatzailearen lan ederrari esker (2018tik 2025era), Ligaren lehen postuak berriz aurkituz (Europara 6 aldiz segidan kalifikatuz) eta Errege kopa irabaziz 2021ean, Bilboko Athletic-en kontra, norekin orain buruz-buru ari den (euskal derbya aldi batez bederen bizitu behar da) Euskal Herriko talde hoberenaren tituluarentzat! Bost urteren ondotik, duela hilabete bat, txuri-urdinek haien historiako laugarren Errege kopa irabazi dute, “Rino” Matarazzo amerikar entrenatzailearekin, eta Mikel Oyarzabal, Pablo Marin eta Unai Marrero euskal heroi berrieri esker. Donostiar taldea, dudarik gabe, klub handia bihurtu da baina sustut, futbol moderno horretan, bere arimaren begiratzea lortu du. Orduan, Anoetara heldu, memento ederra bizitzeko (zeinean euskarak leku ederra baduen, zer plazera!) eta, partida hasi aitzin, “aurrera txuri-urdinak” oihu egiteko!





