Gogoa hazi | 2026ko Maiatzaren 28a

Vatican II giristinoak eta euskara suspertzen (V)

Mikel Epalzak. Itzulpena Mandiok.

II- Hegoaldeko Eliza inarrosia. C.


Hiru apez Vatikanora beren eskaera aurkeztera doazen bitartean, beste 60 Derioko seminarioan giltzaperatzen dira, elkartasunez. Vatikanora egin bisitak ez du deus emanen: idazkari batek ditu errezebitzen! Arrosario batzuekin itzultzen dira, baina Vatikanoaren sustengurik gabe. Espainiako Konkordatuaren erregimenak ez zuen uzten polizia Elizaren ontasunetan sartzen, baina, Bilboko apezpikuak baimena emanik, Derioko seminarioan sartu zen polizia apezak kanporatzen zituela.

1969ko maiatzean, haietako lauk borroka berriz hasiko dute, Bilboko apezpikutegian gose greba eginez. Poliziak kanporatuko ditu, eta 12 urtez preso atxikiko Zamorako konkordatu-espetxean, haientzat bereziki irekitakoan. Kartzela horretan diktaduraren aurkako 54 apez preso egon ziren, horietarik 43 euskaldunak; tartean Xabier Amuriza bertsolari famatua. Kartzela hori 1977a arte indarrean egon zen.

Marseillako Colette Magny abeslari komunistak entzun zuen Ez, ez dut nahi” kantua eta “apez” horiek kide gisa ikusi zituen. Hona zer zion “Camarade-curé” abestian, Julen Lecuona apez ohiaren kantuan oinarriturik:

Apez adiskide, zure ministerioa betetzea apezpikuak dizu debekatzen.

Gehienez meza eman dezakezu, baina kasu! Ez predikatu! zure predikuek fededunak desbidera ditzakete. Zure sermoiak herriak maite zituen, erraten zenuen guziak hunkitzen zuen bere bihotzean, bizitzan eta pentsatzeko moduan. Zuri ezarritako zigorra Herriak bere gain hartu du eta gaitzetsi. “Ez, ez dut nahi holako zibilizaziorik”.

Haustura bat gertatuko da hierarkiaren eta elizjendeen artean, hierarkiaren eta herriaren artean. Apez anitzek, Vatikan II-k piztu itxaropenaz liluraturik, baina, apezpiku batzuen jarrerak okaztaturik, apezgoa utziko dute frustrazio handirekin; beste batzuek, hautsiko dituzte betirako Elizarekin dituzten loturak: honek mundu anaikorrago, justuago eta libreagoa predikatzen du, baina, engaiamendu hori hartzen dutenen laguntzeko mementoan gibelera egiten du. Hala ere, sortuko da fedeak eta Euskal Herriari leialtasunak bultzatu giristinoen Eliza bat.

1974an, Bilboko apezpiku zen Antonio Añoveros, garizumako prediku batean, eskakizun honen egitera ausartu zen: “Kontzilioaren eta Aita Santuaren jarraibideak Euskal Herrian aplikatu behar dira!” zioen, pertsonen eskubideez ari zela, “Kristautasunak herri guztientzat salbamen-mezu bat dauka” izeneko testuan. Nuntzioak eta Francoren erregimenak gogorki tratatu zuten gotzain kuraiosa. 80ko hamarkadara arte goaitatu behar izan zen euskal apezpikuek —Jose Maria Setien eta Juan Mari Uriarte— Euskal Herriaren eskubideak fermuki defendatzeko, bake-bide aktibo baten babesteko, justizian eta indarkeria-ezan oinarritua. Erromak ez du inoiz aitortuko Euskal Herriaren nortasuna. 36ko gerla zibilean “gorriek” fusilatutako apezak dohatsu izendatu zituzten; Francok fusilatutako 17 euskal apezak aldiz, ahantzitako martiriak dira.

Azpimarratzekoa da lorpen sozioekonomiko bikain bat: mugimendu kooperatibo zabala, Jose Maria Arizmendiarrieta apezak, Arrasateko bikarioak, abiatu eta gidatua. 1965ean kooperatibak 4.400 lanpostu zituen; gaur egun, 80.000 baino gehiago. Benetako indar ekonomikoa, mutualismoaren oinarrietan eraikia.



Email Facebook Twitter LinkedIn

3836. zbk

Gure Hitza | 2026/05/28

Gazteak eta gu

Jean-Louis Harignordoquy


Ahetzeko Mattin Treku bertsulariari norbaitek galdatu zion: “beti azkarrean?”. Ditxolariak zirt-zart hauxe ihardetsi zion: “adina bizkarrean!”. Aheztar errexiñoletak azken denborak arte atxiki zituen bere gaztaroko umorea, pindarra eta irri eginarazteko gogo bizia.

Jende gazteak badauzka aise ikasteko gaitasuna, bere ahal guzien eta gorputzeko indarren neurtzeko gutizia. Zuzen den bezala, bere ogibideari, bizitzako helburueri eta ametsen obratzeari maiz pentsatzen du. Gure belaunaldikoen eta gazteen artean ezberdintasunak izan ditaizke: ofizioak, afizioak, ohidurak, ausagailuak, atxikimendu motak, bertzeekin harremanetan sartzeko eta egoiteko moldeak. Halere, ongi da jende gazteek adin gehiago dutenekin harremanak ukaitea; alderantziz halaber. Ez da gutiestekoa gurutzamendu horiei esker gazteek ukaitea iraganaren berri, haien jakitatea aberastea, gazteek laguntzea zaharragoen izpiritua gazte atxikitzen. Zonbait aldiz, bitarteko...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016