Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Maiatzaren 28a
Heriotze: Maite Haran
Gaztantxoaneko Maite Haran zendu zaigu joan den astean, 62 urtetan. Hiru urte huntan minbiziarekin gudukan ari zen. Maluruski gaina hartu dio. Azken hilabetea Kanboko Anienean iragan du eta han da pausatu.
Maitek, oroz gainetik, pilotari bezala ezagutarazi zuen bere burua. Paleta jokoan, gomazko pilotarekin, titulu anitz eraman ditu. Lehenik Baigorriko Zaharrer Segin, Frantziako xapela beretuz Marie-Claude Saldubehere aldudarrarekin. Gero, Aviron Bayonnais klubaren kondu, Nicole Seilhan garruztarrarekin Euskal Herriko eta Frantziako xapeldun bilakatuz urte andana batez. Munduko xapeldun ere bilakatu ziren biak, Kuban 1990ean eta Senpereko Gantxiki trinketean 1994an. Ondorioz, Bidarraiko herriak ongi merezi zuen omenaldi ederra eskaini zion 1994ko abenduan. Funtsean, duela hiru urte pilotari zenbaiten argazki handi batzuk ezarriak izan baitziren herri askotako plazetan, Maiterena ageri da beti Artetxea gelaren sartzetik hurbil, trinket gibelean. Zaharrer Segik ere omendu zuen, elkartearen mendeburu kari.
Bazuen hamar urte Bidarraira itzulia zela. Eraikiarazi zuen Kuluxka etxean bizi zen, sortetxe ondoan. Pilotaren alorrean laguntzaile bezala segitu zuen, Zaharrer Segiko neska gazteen trebatze urratsetan. Umore oneko emaztea zen Maite, airosa, irripartsua, baikorra, arraileria maite, kantua ere. “Irririk gabeko eguna, galdua den eguna” zuen ezarria handiz bere etxe barneko pareta batean.
Joan den ostiral arratsaldean iragan dira haren ehorzketak, eliza osoki betean, Zaharrer Segiko neska pilotariek ohorezko hesia eginik sartzean eta ateratzean. Lekukotasun hunkigarriak entzun dira, iloba eta bilobarenak bai eta Zaharrer Segiko pilotarienak. Kantua ozenki airatu da, Maitek gustukoa ukanen zuen gisara.
Maiteren familiari doatzila hemendik gure agurrik beroenak.




