Euskal diaspora | 2026ko Maiatzaren 28a

Sei Euskal Etxe berri, pilotariak, Kattalin hazpandarra eta Andrea Bella uruguaitar euskalduna

Joseba Etxarri

BRUSELA. Bruselan bazira edo norbait ezagutzen baduzu bertan interesatua izaten ahal dena, euskal dantza ikastaro berri bat emanen du ekainaren 13an Bruselako Euskal Etxeak. Pasa hitza!
BRUSELA.%20Bruselan%20bazira%20edo%20norbait%20ezagutzen%20baduzu%20bertan%20interesatua%20izaten%20ahal%20dena_%20euskal%20dantza%20ikastaro%20berri%20bat%20emanen%20du%20ekainaren%2013an%20Bruselako%20Euskal%20Etxeak.%20Pasa%20hitza!

SEI EUSKAL ETXE. Sei Euskal Etxe berri onetsi ditu ofizialki Eusko Jaurlaritzak: Alemanian (2), Frantzian (2), Uruguain (1) eta kanariar Uharteetan (1). Horietarik batzuk gazteak dira, azken urteetan sortuak, eta beste batzuk zaharxeagoak, orain deliberatu dutenak paperak bete eta ofizial bihurturik Munduko Euskal Etxeen Erregistroan sartzea, horrek ekartzen dizkien eskubide eta betebeharren jabe eginik eta, konparazio, heldu den urteko Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean parte hartzeko aukera heienganatuz. Hauek dira: Alemanian, Bremengo Euskal Kultur Elkartea (Bremen) eta Txengel Etxea (Koblenz); Frantzian, Lyoneko Euskal Etxea (Lyon) eta Denak Bat Tolosako Euskal Etxea (Colomiers, Tolosa); Uruguain, Vasconia Florida Euskal Etxea (Florida); eta kanariar Uharteetan, Mamia Kultur Elkartea (Las Palmas Kanaria Handikoa). Aitzina eta zorte on guzieri!

PILOTARIAK. Kalifornian barna dabil Euskal Herriko pilotari talde bat, guziak nafartarrak, eta heldu den ebiakoitzean San Frantziskora heldu eta bertako pilotazaleekin bilduko dira, Gure Euskal Etxean, elgarrekin afaldurik. Joan den asteburuan, Bakersfielden ontsa pasatu den Euskal Bestan partzuer izan ziren, ebiakoitz eta igandean partidak jokaturik. Gogora dezagun nor diren: Aitor Alduntzin (Iruñea), Hegoi Txoperena (Leitza), Unax Apeztegia (Elizondo) eta Javier Oscoz (Arraitz), prestatzaile Fernando Goñi zubiritarra dutela.

HAZPANDARRA. Hala zen Buenos Airesko hilerrian ehortzirik den presuna zaharrena, Kattalin Dornaletche. 1845ean bera bezala hazpandarra zen Jean Aphat zapetaginarekin ezkondua, 1867. urtea agertzen du bere hilobiak, kanposaindua bera baino 10 urte zaharragoa, beraz. Izan ere egun desagertua den hilerri zaharrean lurperatu eta, egungo hilerria eraiki zutelarik, bertara kanbiatu zuten. Heldu den ostiralean hitzaldia emanen du “Catalina Dornaletche: Hazparnetik Avellanedara” izenpean Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxean, Agustín Wieckiewicz adituak.

ANDREA BELLA. Euskal Herrian barna dabil “Euskara eta biok” bere liburua aurkezten Andrea Bella uruguaitarra. Gogora dezagun Montevideon 1978an sortu emazte hau bokazioz edo deliberoz dela euskalduna, arbasoak ez baititu hala. Bere ahizpa Paolarekin batera euskara Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxean ikasten hasi eta, hortaraturik, zinez euskaldundu zen. Euskara irakasle izana da Uruguai osoan eta hitanoa ere arras maitea eta erabiltzen du. “Euskara eta biok, jalgi hadi mundura” (2024) liburuan bere lotura euskararekin kondatzen du. Aurkeztua du besteak beste Baionan, Durangon, Hondarribian, Madeira Uharteetan... eta maiatz huntan Lazkaon, Iruñean, Beasainen... eta ostegun huntan eginen, Urruñako Berttolin.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3836. zbk

Gure Hitza | 2026/05/28

Gazteak eta gu

Jean-Louis Harignordoquy


Ahetzeko Mattin Treku bertsulariari norbaitek galdatu zion: “beti azkarrean?”. Ditxolariak zirt-zart hauxe ihardetsi zion: “adina bizkarrean!”. Aheztar errexiñoletak azken denborak arte atxiki zituen bere gaztaroko umorea, pindarra eta irri eginarazteko gogo bizia.

Jende gazteak badauzka aise ikasteko gaitasuna, bere ahal guzien eta gorputzeko indarren neurtzeko gutizia. Zuzen den bezala, bere ogibideari, bizitzako helburueri eta ametsen obratzeari maiz pentsatzen du. Gure belaunaldikoen eta gazteen artean ezberdintasunak izan ditaizke: ofizioak, afizioak, ohidurak, ausagailuak, atxikimendu motak, bertzeekin harremanetan sartzeko eta egoiteko moldeak. Halere, ongi da jende gazteek adin gehiago dutenekin harremanak ukaitea; alderantziz halaber. Ez da gutiestekoa gurutzamendu horiei esker gazteek ukaitea iraganaren berri, haien jakitatea aberastea, gazteek laguntzea zaharragoen izpiritua gazte atxikitzen. Zonbait aldiz, bitarteko...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016