Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Maiatzaren 28a
Serres-en kantaldia - Ikusgarria Larrekon igandean - Inharrian ikusgarria - Kantaldia elizan ostiralean - Errugbiari so
Serres-en kantaldia
Auzo hortako komiteak 2026ko jakubeak antolatzen hasia da. Anartean, bertze hitzordua proposatzen dute, gaitzeko kantaldiarekin, maiatzaren 30ean, larunbat arratsean. Kontzertu aitzineko pintxo-poteoa abian da (19:00), aldiz kantaldian ariko dira Berçaitz anaiak, Pauline Junquet eta Indigo (20:00). Ikusgarri zinez bikaina eskainia da, haatik tokiak mugatuak izanki, lehenbailehen erreserbatzea beharrezko da deituz 07-81-70-62-54ra.
Ikusgarria Larrekon igandean
“Tuk” deituriko ikuskizun hunkigarria proposatua zaigu Larreko kulturgunean, maiatzaren 31n (17:00). Tuk ttipia, fiteegi handitzen ari den neskato baten istorioa da. Bere amabitxi eta aldakorra gauaz lan egitea behartua da. Orduan, ama laguntzeko, Tuk ttipiak gauza anitz egiten ditu etxean: erosketak, apairuak prestatu, ahizpa ttipia zaindu eta bertze. Baina akidurarengatik, Tuk maiz eta nonahi lokartzen da baita ikasgelan ere. Oren baten iraupena, 8 urtez goitikoentzat, prezio osoa 10€, murriztua 6€, 12 urtez petik 4€. Erreserba turismo bulegoan, webgunean ere, baita lekuan bertan.
Inharrian ikusgarria
Ekainaren 2an (19:30) antzerki eta monologo baten moduan Jacques Mougenot, autore eta antzezleak aurkeztuko du “L’Affaire Dussaert”. Hemen argitan ezarria da arte garaikidearen inguruko merkatuak zer iruzurrak sortzen ahal dituen. Ikuskizun satiriko hunek nahasten ditu adimendu eta umorea, nahiz garratza, ustekabekoa eta irringarria izan. Erreserba 25€, cultureetpatrimoinesenpere.fr antolatzailearen gunean, prezioan barne dago ondoko pintxo-poteoa.
Kantaldia elizan ostiralean
Bi kantari talde ongi ezagunen bisita dugu, maiatzaren 29an (20:30), gure elizan. Hala nola aurkituko ditugu Angeluko Adixkideak korua eta Baionako Ikusiko abesbatza. Gau huntako emanaldian talde bakoitzak beren errepertorioko zonbait kantu eskainiko ditu eta elgarrekin bururatuz publikoaren plazer handiarentzat. Euskal kantuez ongi gozatzeko, sartzea lekuan bertan 10 eurotan, urririk 16 urtez pekoentzat.
Errugbiari so
Senpertar gisa atxikiko dugu gogoan Audeteneko seme-ttipia Maxime Lucuren balentria, Bordeleko UBB taldearekin zafraldia eman diote Irlandako Leinster-eko ekipoari41/19. Bigarren aldia segidan eskuratzen dute Europa goi-mailako kopa eta senpertarra kapitain moduan, partidako errugbilari hoberena izendatua izan da, bada harro izaiteko parada. Aldiz Senpereko taldea ari baitzen Frantziako final 16.ean promozio R1 mailan, partida eskasa erakutsi dute eta makurtu dira Maubourguet-eko ekipoaren kontra 24/52, Lasseube herrian. Hemen bururatu zaiote denboraldia eta esperantza guziak, orain indarrak hartu datorren denboraldirako.





