Gure Hitza | 2022ko Otsailaren 03a
Gero eta ausartago
Peio Jorajuria
Euskal Irratietan entzun berri dugu Patxi Berhouet Le Monde agerkariko kazetari bidarraitarra Paristik basurdeen inbasioaz mintzo. "Inbasio" hitza zuen erabiltzen. Funtsezko arazoa, bereziki laborarientzat. Laborari batek hain zuzen erran daut gaur egun bi izurrite dituztela jasaiten, covidarena batetik, basurdearena bestetik. Hots, urrundik datorren izurritea bata, hemen berean hazitakoa bestea.
Bigarren mundu gerlatik landa, ez zen kasik basurderik hemen. Ondorioz, ihizia hein on batean mantentzeko, ihiztariek ahal den guzia egin dute basurdeen lerroak emendatzeko. Emendatu dira segurki, eta azkar emendatu, hain dira ugalkorrak, baina aldi berean, hirigintzak oihan eta lurrak aho beteka jaten ari-eta, basurdeeri bizitokia hertsitu zaie, hauek janaria etxaldetatik eta hirietatik gero eta hurbilago bilatu behar, zenbaitetan hirietako saltegi batzuetaraino sartuz, han edo hemen ikusi den bezala. Gero eta ausartagoak, basurde horiek, beharrak hain segur hala manaturik. Laborarieri, basurdeek ontasunetan eginiko kalteak, ihiztariek dizkie ordaintzen, duela mende erditsu bat egin akordioa berme. Baina hara, desmasiak handiago, ordainketak ere handiago, eta diru iturria ttipiago. Eta ihiztarien kopurua ere apaltzen ari. Gisa hortan ezin dutela hainbertzetaraino emendarazi den abere mota horren oldarra moteldu. Ondorioz, laborariekin kalapitak biderkatzen ari dira.
Istripuak ere biderkatzen ari dira bideetan. Gehienetan ez ondorio sobera gaiztoekin, beharrik, batzuetan haatik zer drama! Joan den ostiral arratsean gertatu den bezala, Biarnoan, Salieseko inguruetan. Basurde batek bidea zeharkatu duelarik, hiru autok elkar jo dute, lagun batzurekin bigarren autoan zoan Leire Iribarne 24 urteko lasar gaztea gorputz utziz. Talenduko musikaria zen, Diabolo Kiwi garaztar taldeko kantari alai eta izartsua. Familia eta hurbilekoak suntsituak daude.
Lehen, hartza eta otsoa omen ziren basurdearen predatore edo harrapari naturalak. Ez dugu haatik erraitearen beharrik hartza eta otsoa ez direla askorengandik gure lurretan ongi-etorriak. Ihiztaria gelditzen da beraz basurdearen harrapari bakarra. Eta ihiztariak ezin badu berea egin, basurdea da predatore gero-eta handiago bilakatuko. Egoera korapilatsua. Ez dezagun haatik egoera horren hobena osoki abereen bizkar ezar, jendea baita naski naturaren predatore lehena, ondorio txarrekin. Ahate gaizoek ere balukete erraitekoa administrazioak hegazti gripeaz daraman zentzugabeko kudeaketaz. Horiek hola, basurdeen inbasio horri nola buru egin? Hara gai bat serioski gogoetatu behar dena.










