Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2022ko Otsailaren 03a
AMIKUZE: Mobilizazioa ahate hazleen alde - Hiru ikuskizun - Kantaldia Amikuzeko kolegioa
Mobilizazio handia Donapaleun ahate hazleen sustenguz
Hegazti hazleak kexu agertu dira joan den ibiakoitz arratsaldean, urtarrilaren 29an, ELBek, Donapaleun antolatu manifestaldian. Sustengatzaileak nonbrean jin dira, 1.500 bat prentsaren araberan. Aitzineko ostegunean jada, 150 bat lagun bildu ziren Lohizunen, Julen Perez eta Sabrina Larzabalen sustengatzeko, duela hiru urte Beti Aintzina etxaldean plantatuak diren gazte hauek, beren ahateen hiltzera behartuak izan baitira, hegazti gripeagatik. Hitza hartu dutelarik, administrazioari buruz duten kolera adierazi dute, hartuak diren neurri sanitarioak zentzugabekoak direla salatuz. Kalitatezko mozkinak egiten duten etxaldeak desagerrarazi nahi dituztela eta laborantza industriala inposatu, salatu dute Patrick Dagorret eta Agnès Sallaberry ahate hazleek. Hala ere laborantza herrikoia hor izanen dela geroan ere erran dute eta denek bat eginez, neurri berriak inposatzen ahalko direla administrazioari gehitu du Panpi Sainte Marie, ELBko bozeramaileak.
Confédération Paysanne sindikatua ordezkatua zen, Gers eskualdean bizi den Sylvie Colas-en bidez. Manifestazioaren garrantzia azpimarratu du erakustera emanez modernitatea kanpoan hazi hazkuntzetan dela, ez eta barnean direnetan.
Manifestazioa bururatzean, ELBek galdeginik, anitzek beren izena eman dute, laborari eta kontsumitzaileen artean kolektibo bat osatzeko eta hegazti hiltzeei buru egiteko.
Hiru ikuskizun aste huntan Amikuzen
Euskal Elkargoko kultura zerbitzuak, hiru hitzordu proposatzen ditu, Amikuzen otsaileko lehen astean.
Lehenik, otsailaren 2an, asteazkenez (20:30), Donapaleuko St Louis gelan, zine gaualdia "Une femme du monde" filmaren inguruan. Prostituzioaren gaia aipatzen laguntzeko"Donc y Chocs" konpainiako artistak hor izanen dira beren lan berriaren aipatzeko, baita ere Pélissier anderea, prefeturako Emazte Eskubideen defentsarako arduraduna.
Bigarrenik, otsailaren 4an, ostiralez (20:30), Donapaleuko St Louis gelan "Ce qu'il nous faut" ikusgarria,(Mic)zzaj konpainiaren eskutik. Oren bat eta laurdenez, elkarrizketa, musika zuzenean eta antzerkiz josia den bidaia artistiko hauek proposatzen dute. Haria: zer da beharrezkoa duguna bizitzeko? Airea? Amodioa? Itxaropena? Ura? Denbora?
Hirugarrenik, otsailaren 5ean, ibiakoitzez (14:30), Gabadiko Herriko gelan "Donc y Chocs" konpainiak aste batez Gabadiko gelan egin sorkuntza presentatuko du. Prostituzio lanaren inguruko gaiak aztertu dituzte. Haien ezagutza egiteko parada emana da eta aurkezpen labur baten ondotik, haiekin mintzatzeko.
Kantaldia Amikuze kolegioko burasoek antolaturik
Amikuze kolegioko burasoen elkarteak kantaldia antolatzen du otsailaren 5ean, ibiakoitzez (19:30), Donapaleuko zinegelan. Hasteko, kolegioko korua ariko da eta ondotik Gurashow taldea, Maguy Mirande, Kattalin Indaburu, Maider Cigarroa, Philippe Albor eta Amaia Riouspeyrousek osatzen dutena. Azken partean, Incantesimu Korsikar taldeak bere lehen CDa presentatuko du.
Ondotik, jateko eta edateko parada emana da, kanpoan muntatu aterpe berotuan. Jatekoak erreserbatzeko, 06-09-77-44-39 deitu behar da.











