Gogoa hazi | 2022ko Otsailaren 03a
METODOA ALDATU
Peio Ospital
"Entzuna izaiteko, Elizak behar du metodoa aldatu". Erranaldi eta izenburu hunekin agertu da azken egun hauetan La Croix egunkarian Jean-Claude Hollerich kardinal luxenburgotarraren elkarrizketa. Katolizismoaren etorkizunaz emaiten du bere ikuspegia gaurko arazo nagusietarik abiatuz: fededunen kopuruaren beheititzea, elizaren papera gizartean, zelibatua, sexualitatea... Frantzisko Aita Sainduaren konfiantzazko gizon hunentzat ez da mezua aldatu beharra, baizik eta hunen adierazteko moldea.
Ahoan bilorik gabe erraiten ditu gauzak: "Haur nintzenean, haur guziak elizan zeuden, baina orain ohartzen naiz garai hartan arraildura eta hipokrisia ugari bazegoela. Funtsean, jendeak ez zuen gaur egun baino gehiago sinesten, elizara joaiten baziren ere. Bazuten nolabaiteko igandetako praktika kulturala, baina Jesusen heriotzak eta berpizteak inspiratzen ez zutena."
Bere ustez, praktika molde hau desagertzen ari da eta Covidak prozesua zalutu egingo du. Adinagatik nagusiki, elizara joaitea utziko dute anitzek. Baina badira ere katolikoak igandeko meza erritual garrantzitsutzat daukatenak, beren bizitzarako egonkortasuna bermatzen duelako. Askorentzat, beren burua katolikotzat aitortzea moral orokor batez hornituriko mozorro-jantzi bat da. Horrek gizartea atxikitzen laguntzen du, "kristau onak" izaiten, baina funtsean zer erran nahi duen definitu gabe. "Garai hunekin akabatu behar da. Orain Eliza eraiki behar dugu fedearen gainean. Badakigu hemendik goiti guttiengoa girela eta izango girela. Ez da ez harritu ez damutu behar. Uste barea dut nere Jauna gaur egun Europan dagoela" dio kardinalak.
"Nolaz da kristau mezua egokia edo zentzuzkoa gaurko egunean?" galdegiten dio kazetariak. Erantzuna: "Gizakia ez delako aldatu azken bi mila urteetan. Beti dabil zorionaren bila eta ez du aurkitzen. Asegabeko egarriz dago beti eta bere mugekin topo egiten du. Beste pertsona batzuentzat ondorio larriak dituzten bidegabekeriak egiten ditu, guk bekatua deitzen duguna. Baina orain kultura batean bizi gara, gizakora dena gibelera botatzeko joera duena. Kontsumo-kultura hunek gizakiaren desirak beteko dituela agintzen du, baina ez du erdiesten.
Ebanjelioaren mezua guziz freskoa da zentzu eta zorion bilaketari erantzuteko.
Mezua beti da egokia, baina mezulariak batzuetan agertzen dira iraganeko jantzietan, eta hori ez da mezuari egiten zaion zerbitzurik hoberena. Horra zergatik behar giren gu egokitu. Ez da mezua bera aldatu beharra, iragartzeko moldea da aldatu beharra, mezua ulertua izaiteko. Mundua beti dabil bila, baina ez du guri buruz jotzen, eta horrek min emaiten du. Ebanjelioaren mezua aurkeztu behar dugu jendeak Kristorantz jotzeko gisan."
Jean-Claude Hollerich izendatu du Aita Sainduak txostengile gisa Sinodoari buruz bidean dagon kontsulta zabalean. Huna nola ikusten dituen gauzak kardinaleak berak: "Metodo hau garrantzitsua da, gaur egun ez daitekeelako goitik behera agindu besterik egin. Gizarte, politika eta enpresa guzietan, sarean sartzea da garrantzitsuena. Erabakitzeko moldeen aldaketa hau zibilizazioaren funtsezko aldaketarekin batera doa, eta horri buru egiten diogu. Eta Elizak hortara egokitu behar du. Diferentzia da oraingo huntan zibilizazioaren aldaketak indar nehoiz ikusi gabea duela. 20 edo 30 urte barne nehork ulertuko ez duen teologia dugu. Zibilizazio hau gainditua izanen da. Horregatik, hizkuntza berri bat behar dugu, Ebanjelioan oinarritua. Orain, Eliza osoak hartu behar du parte hizkera berri hunen ezarpenean: hori da sinodoaren erranahia."
Sauvé txostena aipatzerakoan, aitortzen du kardinaleak hutsa sistemikoa izan dela: "Zintzotasun handia erakutsi behar dugu eta kolpeak hartzeko prest egon behar dugu... Eliza gerizatzeko hau onartu izanak min emaiten du. Begiak hetsi ditugu! Kasik erreparatu ezina da... Batzuk konfiantza galdu dutela... Hura berreskuratzeko, ahal denean, umiltasun handia behar da... Argi dago galdera horiek buru eta bihotz guzietan egongo direla sinodoaren prozesuan zehar. Aldaketak egin behar ditugu... Emazteei eta gazteei toki gehiago eman izan balitz, aise lehenago ohartuko ginen gauza horiei. Emazteak Elizako bazter-talde bat bezala kontsideratzea onartezina da. Ez daude Elizaren periferian, erdian daude. Eta Elizaren erdian daudenei hitza emaiten ez badiotegu, arazo handia izango dugu."
Beste aldaketarik ikusten ote duen galdegiten zaionean, huna erantzuna: "Elizgizonen formakuntza aldatu behar da. Ez da liturgian soilik zentratu behar... Laikoek eta emazteek beren hitza izan behar dute. Apezak formatzea Eliza osoaren betebeharra da..., gizon eta emazte ezkonduekin eta ezkongabeekin kondatu behar da. Bigarrenik, sexualitatea aztertzeko moldea aldatu behar dugu. Orain arte, sexualitatearen ikuspegi erreprimituegia izan dugu...Sexualitatea Jainkoaren dohaina dela erran behar dugu... Zelibatuari dagokionez, zintzoki aztertu behar da apez batek nahitaez ezkongabea izan behar duen. Uste handia dut zelibatuaz, baina ezinbestekoa al da? Zergatik ez izan ere apez ezkonduak? Eta apez batek bakartasuna bizi ezin badu, ulertu egin behar da, ez kondenatu."
Urte berriko agiantza bezala hartzen ditugu hitz eta xede hauek guziak. Elizgizon karguduna da luxenburgotar kardinala. Ea nola emaiten den hitzetarik ekintzetarako urratsa...










