Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2022ko Otsailaren 03a
Ehun urte - Kontseiluko berri
Ehun urte
Beren bizian mende oso bat bururatzen dutenak ez dira anitz, bainan zonbait beti badira. Urtarrilaren 19an Uztaritzen Stephan Cwiklinski jaunak ospatu du bere mendeburua, bere familiako batzuez inguraturik eta Denise Cedarry CCAS-eko axuantaren presentziarekin. Burasoak polonesak zituen bainan bera Alemanian Stoppenberg herrian sortua da, 1922ko urtarrilaren 19an. Gazterik Frantzia iparraldera etorririk, bere aita arizan zen bezala, 14 urtetan hasirik, 36 urtez ikaztegietan ikatz ateratzen lan egin ondoan, baratze zain bezala segitu du zonbait urtez. Familiatua da, 4 haur ukan ditu, 10 ilobaso eta 21 arra-ilobaso. Alargundu da 1989an Mélie bere andrea minbiziak eremanik. Uztaritzen bizi den Monique bere alabaren etxera 2021ean erretiratua da.
Gure partetik ere zorionak errezebi ditzala eta oraino gure artean ahal bezainbat egoitea desiratzen diogu, Jainkoak nahiko duen arte.
Kontseiluko biltzarra
Aurtengo lehena joan den ortzegunean iragan da, Lapurdi gelan, hautetsi gehienekin. Aho batez onartu dira mintzagai guziak, nahiz bizikleta elektrikoen erosleen gaiak eztabaida luzea sortu duen. Huna onartu erabakiak:
-Uda Leku elkartearekin partaidetza hitzarmenaren berritzea.
-Heziketa engaiamendu kontratuan sasoiko animatzaileen araudiak.
-Eskola bizitza, gazteria eta kirolen zerbitzuan animatzaile lanpostu sortzea.
-Ahalmen urriko ikasleen laguntzeko lanpostu baten sortzea.
-Hirigintzan ''Dioné et Fils'' enpresak ondarkin geldoen baloratzeko eraiki nahi duen instalazio baten aztertzea eta baimentzea.
-Kattueneko atekamotzan salgai den lur zati batean lehentasunez herriaren eskubidearen aplikatzea.
-2022an herriaren parte hartzea argi publikoen mantentzeko egitarauan, bi toki desberdinetan Arruntzan eta Heraitzen.
-Finantzia sailean, partikular batzuk gaizki zaindu hesi eta arbola batzuen moztea eta mantentzea.
-Kiroleta ezker paretako teilatua berritzeko diru laguntza galdea aurkeztea.
-Lapurdin Herriko Etxe berri proiektuan herriak FTO Internet sarbidearen xedea duenez, hunen azterketa eta aitzinkontua (41.180 euro gordin) onartzea.
-Trantsizio ekologikoan elektrikazko bizikleten erosleeri laguntza emaitea (bat bakarrik oraikoan).
-Ama eskola eta lehen mailako ikastetxetan funtzionamendu gastuetan herriaren parte hartzea.
Bukatzean auzapezak deitoratu du urteko agiantzen ospakizuna ez egitea, Covid-19arengatik. Bi gomita ere luzatuak izan dira hautetsieri, lehena Bake Bidearen ekitaldian parte hartzera eta bestea Donapaleun ahate hazkuntzaren sustengatzeko larunbatean izan den manifestaldira.
Hurrengo biltzarrea heldu den martxoaren 3an
Txilindron lehiaketa
Hartzaro festibalaren barnean, Latsa elkarteak antolatzen du sukaldaritzan aurten bere 16. txilindron lehiaketa. Otsailaren 27an iraganen da, igandearekin, bederen egoera sanitarioak nahi badu. Parte hartzera deituak dira kulturaz, kirolaz edo sukaldaritzaz arduratzen diren elkarteak. Bakotxari Latsarengandik bildots haragia fornitua izanen zaio, beste ekai guziak eta kozinatzeko tresnak norberak beharko ditu ekarri. Tokia 18 parte hartzaileri mugatua da eta izenak eman behar dira otsailaren 16ko berantenaz telefono huntara: 06-30-53-97-87 edo 06-98-62-99-76. Emailez ere egin daiteke: latsa@orange.fr. Lehiaketaren ondotik han berean bazkaria izanen da, izenak aitzinetik emanez eta hor jakinen da lehiaketaren irabazlearen izena.











