Herriz Herri - Senpere (L) | 2022ko Otsailaren 03a

Landarbaso abesbatza - Ihauteriak - Udako sasoia - Bertso Krakada - Iragan ekitaldiak

Landarbaso%20abesbatza%20-%20Ihauteriak%20-%20Udako%20sasoia%20-%20Bertso%20Krakada%20-%20Iragan%20ekitaldiak

Igandean Landarbaso abesbatza elizan

Emozioaren inguruan eraikia du bere proiektua, nun interpretatuko dituen obra desberdin frango. Otsailaren 6an (18:30) eliza berotuan, obra tradizionalak, erromantikoak eta garaikideak emanen ditu, pianoan eta a-capella. Ikuskizun zoragarriaren zuzendaria Iñaki Tolaretxipi izanen da, Euskal-Herriko eta nazioarteko konpositoreek beren laguntza eskaini dute hunen prestatzen. Erran gabe doa, goi-mailako ikustaldia izanen dela, jadanik hunen ikusteko parada ukan dugu eta aldiro ongi gozaturik gelditu gira. Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak antolatzen du, prezioa 15€, ikasle eta 18 urtez-pekoentzat 10€, Euskal-Herriko turismo bulegoetan, cultureetpatrimoinesenpere.fr webgunean, baita sarreran bertan.

Ihauteriak etxez-etxe

Ohidura onak ez dira aldatzen, urtarrilaren 21etik otsailaren 12a arte, larunbat guziz, gazte tropela ederra, kantu eta dantzez animaturik, gure etxetara hurbiltzen dira ihauterien ongi ospatzeko. Gure harrera hoberena zor diegu. Zakuzaharrak elkarteak ekimena antolatzen du, kartier batzuetan ibiliak dira jadanik eta ontsalaz ez dute nehor hutsegiteko esperantzarik. Azkeneko ateraldian ezin hobeki alaitu dute Urguriko auzoa, besta giro polita sortuz Zaldubiko gunean. Garai batean"xingar eta arroltze edo bertze" eskatzen zuten afari on baten menturan, oraingoan zuek ikus, dirua edo edariarekin ere ez litzateke haserre.


Abisua: udako sasoiarentzat lan eskaintzak, urtero Herriko Etxeak zabaltzen ditu lan eskaintza hori, hilabete batez lan egiteko, uztailean edo abuztuan. Lan eskaintzak idekia da 18 urtez-goitikoeri, lan mundua deskubritzea, baita jornal baten eskuratzea beti onuragarri baita.


Heriotze

Joan den astean ehortzia izan da Urguri-Antzolako Graxi Zamora, sortzez Sarasola, 92 urterekin. Herritar andana bildu da gure elizan kartsutasunean, kantu eta otoitzen artean. Lau haurren ama hau, Ganixon bere senar zena lagun, etxaldeko laneri lotu da, bere bizitzan xumeki, bainan beti alai, laketa eta eleketari paregabea. Duela 10 urte senarra galduz geroz, bere ahalmenak ttipituz zoazkion, halere etxean egon da bururaino, familiaz eta artatzailez ongi inguraturik.

Gure partez dolumin bizienak penetan gelditzen den familia guziari.


Larraldeko Bertso-Krakada

Amotz Larraldeko behitegian ginuen hitzordu bikaina bi bertsulari ospetsuekin, Amets Arzallus eta Julian Soto. Irabazi txapelak etxean utziak zituzten eta nola ez zen epai-mahairik hauen ariketen baloratzeko, askatasun osoz beren talentua azaldu dute, plazer handiarekin eta publikoaren atseginetan. Krakadaren aitzakian sekulako emanaldia eskaini dute, jolasean ari balira bezala, holako baldintzetan nola ez daiteke maitatu bertsularitza?

Hurrengo bertsu saioa, martxoaren 13an, Bectso Saioa.


Iragan ekitaldiak - "De Magellan à Elkano" mintzaldiak partehartzaile parrasta bildu du Inharrian, Delacour-en hitzaldi ongi dokumentatuaren entzuteko. Ordu berean mediatekan Zintzo Garmendiak aipatu ditu emazteen lekua ihauterietan, baita mozorroa eta pertsonaien garrantzia, debateak gauerdi pasa atzeman omen du.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3627. zbk

Gure Hitza | 2022/02/03

Gero eta ausartago

Peio Jorajuria

Euskal Irratietan entzun berri dugu Patxi Berhouet Le Monde agerkariko kazetari bidarraitarra Paristik basurdeen inbasioaz mintzo. "Inbasio" hitza zuen erabiltzen. Funtsezko arazoa, bereziki laborarientzat. Laborari batek hain zuzen erran daut gaur egun bi izurrite dituztela jasaiten, covidarena batetik, basurdearena bestetik. Hots, urrundik datorren izurritea bata, hemen berean hazitakoa bestea.

Bigarren mundu gerlatik landa, ez zen kasik basurderik hemen. Ondorioz, ihizia hein on batean mantentzeko, ihiztariek ahal den guzia egin dute basurdeen lerroak emendatzeko. Emendatu dira segurki, eta azkar emendatu, hain dira ugalkorrak, baina aldi berean, hirigintzak oihan eta lurrak aho beteka jaten ari-eta, basurdeeri bizitokia hertsitu zaie, hauek janaria etxaldetatik eta hirietatik gero eta hurbilago bilatu behar, zenbaitetan hirietako saltegi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016