Han eta Hemen | 2022ko Otsailaren 03a
"Itzuli" euskarazko itzultzaile neuronala
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Miren Dobaranek eta Euskararen Erakunde Publikoko Antton Curutcharry presidenteak, bi erakundeen arteko hitzarmena izenpetu dute.
Presentatu daukute "Itzuli" izeneko tresna, informatikaren bidez den itzultzaile automatikoa da. 2019an Eusko Jaurlaritzak plantan jarri tresna berria da, ez dena oraindik arras puntuan, baina Jaurlaritzako arduradunak erran daukunaz, osatzen ari dira. Itzultzaile automatiko neuronalak, corpus handiak behar ditu, basean anitz hitz behar baitira integratu. Tresna bat izanez entrenamendua bultzatu behar da, itzulpenak hizkuntza batetik bestera pasatzeko gisan.
Bi erakundeek izenpetu akordioan, euskarazko eduki digitalaren bidez, euskararen garatzeko eta baliabide berriak publiko zabal bati eskaini nahi dituzte. Euskararen normalizaziorako bidean, gaur egun baliatzen diren teknologia berrietan sartua izaitearen garrantzia adierazi dute.
Miren Dobaranek azaltzen zuen, Hegoaldean ikaslek anitz baliatzen dutela, bai eta ere arlo juridikoan eta erakunde publikoetan ari diren langilek. Ikastolako buraso erdaldunen adibidea emana izan da, eskolako lanetan haurren laguntzeko erabiltzen baitute.
"Itzuli" tresna horren bidez, frantsesetik euskarara edo euskaratik frantsesera itzulpena egiten du, gisa berean espainola eta ingelesa. Bestalde, lanbide batzuen hiztegi berezia sartua da, hala nola juridiko-administrazio saila, beste batzuk ere garatzen ari dira. Euskararen Erakunde Publikoak Xabi Castorene misio kargudun bezala hartu du, Ipar Euskal Herriko partaide desberdinenganik 6.000 dokumentu bildu ditu, corpus hori tratatua izaiteko gisan.
Ordenagailuan erabiltzeaz gain, eskuko telefonoan kargatzen ahalko da, edonork edozein lekutan baliagarria izaiteko gisan.
Antton Curutcharry EEPko presidenteak bi erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. Ingurumen digitala euskalduntzearen beharra baitezpadakoa dela, bereziki gazteria bati begira. EEPk sortu "Nola erran" hiztegi digitalak duen arrakastak argiki erakustera emaiten du, holako itzultzaile tresnen beharra.
Ez bada oraino arras behar den bezala ibilki www.euskadi.eus/itzuli gunean sartuz erabilgarria da edo mintzaira.fr/eu/baliabideak/itzuli-euskarazko-itzultzaile Euskararen Erakunde Publikoko saretik.












