Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2022ko Otsailaren 03a

Heriotze - Pilota txapelketa - Lur eraikigarrien prezioa saltu

Heriotze%20-%20Pilota%20txapelketa%20-%20Lur%20eraikigarrien%20prezioa%20saltu

Heriotze: Ponpoxeneko Pier Duhalde

Berriz ere Ponpoxenean hunkiak izan dira, hemen berean aipatu genuen Ponpoxeneko Robert Uhart nagusi xaharraren ehorzketa egunean, zendu baita hunen koinata Pier Duhalde, etxe berean bizi zena. 83 urte zituen. Anita Ponpoxenekoak beraz 3 egun barne senarra eta anaia galdu ditu. Pier zenaren ehorzketa elizkizunak, Biarritzeko erretegian iragan dira.

Gure doluminak Pier zenaren 5 anai-arreberi eta hauen familieri.


Zaldun paregabea joan zauku

Nicolas Larramendy hazpandarra joan zauku, 42 urte zituen. Duela 2 urte et'erdi, izigarriko zerbitzua ekarri zuen Aiherrako kabalkadari, lehen igandean bere zaldiarekin dantza ederra emanik. Bigarren igandean ez zuen balentria erreberritu ahal izan, borrokatzen zuen eritasunak ez utzirik. Bere emazteari, amari eta anaieri, gure dolumin bizienak.


Paul Corret eta Ekhi Supervielle-Malmose pilotari txapeldunak

Joan den ibiakoitz arratsaldean Aiherrako trinketean iragan ziren Ipar Aldeko batzordeak antolatu B mailako txapelketaren finalak. Abarratia batasunaren kontu, umetxoetan ari ziren Paul Corret eta Ekhi Supervielle-Malmosek, txapela ereman dute partida ederra eginik, Urruñarrak batasuneko Beñat Chipi eta Urko Calvo-Rodriguez gazteen kontra 40/25 nagusiturik. Biba zuek txapelketa ederra eginik eta txapela eremanik. Aupa Abarratia!


80 bat lagun lur eraikigarrien prezioen gorakada salatzeko

Azken egun hauetan herritar batzuk jakinik herri erdian den lur eraikigarria biziki kario salgai eman zuela Hélène Malegarie-Galatoire Miarritzen bizi den hunen jabeak (2.933m2425.000€tan, duela zonbait urte lehenago hau Aiherrako Arotçarena Lohixundeko familiako kide bati erosi ondoan), egoera ezin onartuzkoa salatzeko, joan den astean banderolak ezarri zituzten herri sartzean eta herri erdian, hauen bidez herritarrak eta auzo herritarrak elkarretaratze batera gomitatuz.

Iragan ibiakoitz goizean 80 bat lagun herriko plazan bildu ziren. Mobilizazioa nola iraganen zen azaldu ondoan, salgai den lurreraino joan dira denak oinez. Han pentzearen erdian "non à la spéculation" banderola ezarri zuten balizko erosleek ikus dezatela herriak ez duela holako salmentarik onartuko. Ondoan "Aiherra ez da salgai" beste banderola ezarri zuten. Taldeko kide batek hitza hartu zuen xehetasun asko emanez, parte hartzaile bakoitzari papertxo bat banatu zuten. Hitzordua emana izan da otsailaren 12an, larunbat goizez (10:00) Aiherrako Denen Etxean, afera horri buruz puntu baten egiteko eta segida antolatzeko.


Ate irekitzeak Aiherrako eskola giristinoan

Otsailaren 5ean, heldu den larunbat goizean, Aiherrako eskola giristino eta elebidunak ate idekiak antolatuko ditu (9:00-12:00). Erakasleak eta burasoen elkartea hor izanen dira familien errezibitzeko. Ama eskolako lehen 3 urteetan euskaraz baizik ez baitira haurrak ariko, erakaskuntza molde hortaz ere xehetasunak emanen dituzte.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3627. zbk

Gure Hitza | 2022/02/03

Gero eta ausartago

Peio Jorajuria

Euskal Irratietan entzun berri dugu Patxi Berhouet Le Monde agerkariko kazetari bidarraitarra Paristik basurdeen inbasioaz mintzo. "Inbasio" hitza zuen erabiltzen. Funtsezko arazoa, bereziki laborarientzat. Laborari batek hain zuzen erran daut gaur egun bi izurrite dituztela jasaiten, covidarena batetik, basurdearena bestetik. Hots, urrundik datorren izurritea bata, hemen berean hazitakoa bestea.

Bigarren mundu gerlatik landa, ez zen kasik basurderik hemen. Ondorioz, ihizia hein on batean mantentzeko, ihiztariek ahal den guzia egin dute basurdeen lerroak emendatzeko. Emendatu dira segurki, eta azkar emendatu, hain dira ugalkorrak, baina aldi berean, hirigintzak oihan eta lurrak aho beteka jaten ari-eta, basurdeeri bizitokia hertsitu zaie, hauek janaria etxaldetatik eta hirietatik gero eta hurbilago bilatu behar, zenbaitetan hirietako saltegi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016