Herriz Herri - Urruña (L) | 2022ko Otsailaren 03a
Kaxkarotak - Tipularen seaska kanta - Oihartzun elkarrizketa - Erakusketa - Mus - Abesti berriak
Kaskarotak etxez etxe
Urtero bezala, aurten ere, hilaren 5ean, larunbatarekin, kaskarotak eta zirtzilak herriko etxez etxe ibiliko dira kantuz eta dantzaz. Itzarri berria den hartza ere haiekin batera ibiliko da orroka. Ihauteriko errito hau oso zabalduta dago Lapurdiko herrietan, neguaren eta udaberriaren arteko borroka idurikatzen du. Zirtzilak neguko indarrak ditugu eta kaskarotak berriz udaberria iratzartzen digutenak. Hazia elkarteak antolatzen du urte oroz.
"Tipularen Sehaska Kanta" filma
Hilaren 4an, ostiralarekin, Lander Garrok zuzendu "Tipularen sehaska kanta" izeneko filma emanen dute Itsas Mendi zineman (20:00). Presondegian eta eri den euskal ekintzaile baten bizipenak eta gogoetak kontatzen ditu. Euskaraz izanen da eta Lander Garro zuzendaria bertan egonen da, filmaren bukaeran ikusleekin mintzatzeko.
Piarres Irastortza "Oiartzun" elkarrizketatua.
"Urruña" aldizkariaren bigarren zenbakian, bada Xerar Urrutiak Oiartzuni egin elkarrizketa ederra. Aipatu testuan, Oiartzunek bere bizitzaren hainbat berri ematen digu: Oiartzun izenaren jatorria, gaueko lana, gazte denbora, Urruñako kontu zaharrak... eta abar. Argitasunez eta umorez kontatua, Oiartzunek dakien bezala. Xerar Urrutiak erran digunez, aldizkariaren zenbaki guztietan urruñar ezagun bati egin nahiko liokete horrelako elkarrizketa.
Posta gelako erakusketa
Urtarrilaren 10etik otsailaren 4ra, "Euskal kostaldea etengabeko mugimenduan" izeneko erakusketa dugu ikusgai Posta Gelan. Biziki interesgarria, Lapurdiko itsas-ertzean urtero gertatzen diren erosioak eta aldaketak ulertzeko guztiz argigarria. Bisita gidatua eta sarrera urririk. Jadanik jende anitz hurbildu da erakusketara.
Mus kanporaketa Xaian
2022ko Euskal Herriko Mus Txapelketa aitzinera doa. Jadanik hainbat kanporaketa izan dira. Hilaren 4an, ostiralarekin (20:00), kanporaketa izanen da Pausuko Xaia ostatuan.
Abesti berriak Kantu Lantegian
Hamabostean behin, asteazkenero, arratsean, Xaian biltzen dira Kantu Lantegikoak. Iazko kantutegiari aurten bi kantu berri gehitu dizkiote: Eñaut Elorrietaren "Hemen gaude" eta Entol Sarmientoren "Gurekin batera". Zato Kantu Lantegira eta gure kantu zahar eta berriez gozatu!
Idazle urruñarrak Maiatz-en
Maiatz literatur elkarteak Baionan du egoitza eta urtero hamar bat liburu plazaratzeaz gain, urtean bitan, maiatzean eta abenduan, bi aldizkari ateratzen ditu, osoki euskaraz direnak. Iragan den abenduan, 73. zenbakia plazaratu zuen eta bertan Urruñako bi idazlek parte hartu zuten. Xerar Urrutiak 4 olerki eta ipuin bat atera zituen eta Joseba Aurkenerenak hiru olerki eta Urruñan kokatzen den ipuin bat.











