Euskal diaspora | 2022ko Otsailaren 03a

San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak 40 urte ospatuko

San%20Frantziskoko%20Gure%20Euskal%20Etxeak%2040%20urte%20ospatuko

SAN FRANTZISKO, KALIFORNIA. Sartu berriak gira otsailean, urtero hilabete garrantzitsua San Frantziskoaldean, Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center erakundearen urtebetetzea baita. Aurten, gainera, biribila, 40 urte beteko direlarik Ipar Kaliforniako euskal kulturarendako arima eta arras baliabide baliosa bilakatu den Euskal Etxe honen hastapena ospaturik. COVID egoera eta neurriek segitzen dute eta ez da beraz ohi bezain jendetza handia biltzen ahal, baina hala ere egoerak ahalbidetzen duena bilduko da, zientoka euskaldun batzuk, San Frantzisko eta ingurutik, eta baita urrunagotik ere. Bereziki ondarreko bi urteetan nozitu diren murriztapenekin, jendea gogoz da biltzeko; baina gogo hori, zaintzeko nahikaria eta beharrarekin uztartuko dute, eta agintariek ezarri dituzten neurriekin konbinatuko. Adineko jende multxo handi batek ez du oraino ekitaldi jendetsuetan bildu nahi. Gehienek, kasu handia emanik baizik ez.

Egoera gaiztoagotzen ez bada bederen, zainduz, baina elgarretaratze sanfrantziskotarra otsailaren 19 edo 20an eginen da. Eta artista eta kirolari komitatuak Euskal Herritik eta Estatu Batuetako beste batzuetatik heldu dira. Programa NABOk eginen duen urteko lehenengo bilkurarekin hasiko da, ebiakoitz goizean, 7:00etarik goiti. AEBko eta Kanadako Euskal Etxeen ordezkari andana bat presentzialki bertaratuko da, eta beste batzuk online hartuko dute parte. Larunbatean berean, arratsaldea Euskal Zinema saio batez abiatuko da, eta ondoren pilota, Ipar Euskal Herritik ekarritako joko garbi jokalariekin --Pantxo Lissar, Antton Pribat, Jean Philippe Pribat, Eneko Sarratia, Eric Migueltorena eta Roger Aguerre-- eta Euskadiko Federaziotik esku huska arizanen diren Aitor Elizegi, David Landa, Beñat Azketa eta Joseba Aldave, Ander Martin prestatzailearekin. Gau partean, txuleta afaria, eta bukatzean, dantzaldia, Jean Flesher buru duen Amerikanuak bandarekin.

Igandean, hala nahi dutenek euskal mezarekin hasiko dute eguna, 10etan, meza-emaileak aita Antton Egiguren, aita René Iturbe eta aita Mike Lastiri. Meza edertzen, San Frantziskoko Zazpiak Bat taldeko dantzariak, Elgarrekin korala eta Klika. Eta segidan, tokiko Bizi Emankorra Saria emanen zaie Ester Bidaurreta, Christine Elicaray, Tony Espinal [birraitatxi egin berria], Jean Pierre Cabalette eta Pierre Labat. Aperitifaren tenorean Amerikanuak bandak joko du aretoan. Ardiki bazkariaren ondotik, pilota partida berriak, joko garbiko eta esku huskako saioekin. Eguna ohiko 'moxkor salda' ederrarekin bururatuko da. Zorionak eta mila esker handi bat San Frantziskoko laguneri, etxe hau sortu eta biziarazi duteneri; elgarretaratze hau 40 urtez prestatu duteneri, eta urteotan euskal kulturaren suia elikatu duten guzieri, gure kulturaren taupada baitira.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3627. zbk

Gure Hitza | 2022/02/03

Gero eta ausartago

Peio Jorajuria

Euskal Irratietan entzun berri dugu Patxi Berhouet Le Monde agerkariko kazetari bidarraitarra Paristik basurdeen inbasioaz mintzo. "Inbasio" hitza zuen erabiltzen. Funtsezko arazoa, bereziki laborarientzat. Laborari batek hain zuzen erran daut gaur egun bi izurrite dituztela jasaiten, covidarena batetik, basurdearena bestetik. Hots, urrundik datorren izurritea bata, hemen berean hazitakoa bestea.

Bigarren mundu gerlatik landa, ez zen kasik basurderik hemen. Ondorioz, ihizia hein on batean mantentzeko, ihiztariek ahal den guzia egin dute basurdeen lerroak emendatzeko. Emendatu dira segurki, eta azkar emendatu, hain dira ugalkorrak, baina aldi berean, hirigintzak oihan eta lurrak aho beteka jaten ari-eta, basurdeeri bizitokia hertsitu zaie, hauek janaria etxaldetatik eta hirietatik gero eta hurbilago bilatu behar, zenbaitetan hirietako saltegi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016