Ba ote dakixu? | 2022ko Otsailaren 03a
Presidente bozen historia: 1965 (1/10)
Gilen Bacho
Bi hilabeteren buruan, bozkatzera deituak izanen gira presidente bozentzat. Bi hilabete horietan, presidente bozketako historia kondatuko dauzuet, 1965ean hasiz, urte horretan, lehen aldikotz, frantses herritarrek Errepublikako presidentea zuzenki hautatu baitzuten. De Gaulle-ren borondatea izan zen. Presidente bilakatu zen 7 urte lehenago, 1958ko abenduan, baina hautetsiek zuten hautatu eta ez populuak zuzenki.
Sufragio unibertsal zuzena
Hauteskunde modu hori ez zen De Gaulleren gustuan. Bere izpirituan, populuak behar zuen, zuzenki, presidentea hautatu eta ez hautetsiek edo alderdiek. Hori zuen proposatu 1962ko erreferendumean eta frantsesek onartu zuten. 1965eko abenduaren 5ean, frantsesek zuten, lehen aldikotz, presidentea hautatuko. De Gaullek bere kandidatura jakinarazi zuen azaroaren 4an. Beste 5 hautagai presentatu ziren (bi ez kasik ezagunak). Jean-Louis Tixier Vignancourt (Orthez-eko diputatua izan zena 1936an), eskuin muturraren eta Aljeria frantsesaren aldekoen hautagaia zen (Jean-Marie Le Pen zen bere kanpainako zuzendaria). Jean Lecanuet, MRP zentroko alderdiaren hautagaia zen. De Gaullerekin sustut kanpoko arazoetan desberdintasunak bazituen (gehiago amerikanoen eta Europako eraikuntzaren alde baitzen). Hautagaietan gazteena zen (45 urterekin) eta hori aitzinean ezarri zuen. 1960ko Kennedyren kanpaina bere modeloa zen. Lecanuet-ren telebista elkarrizketek, Léon Zitrone kazetariarekin, bere fama handitu zuten. Ezker alderdi guziak, sozialistak eta komunistak partikulazki, bateratu ziren. François Mitterrand "ezkerraren hautagai bakarra" zen (komunistek ez zuten Mendes-France nahi). "Gaullismoa" azkarki kritikatzen zuen baina ere De Gaulleren "podere pertsonala" eta instituzio berriak ("Estatu kolpe iraunkorra" liburuan salatu zituenak). Berak ere, bere "gaztetasuna" (49 urte zituen) erabili zuen, bere lemak "presidente gazte bat Frantzia moderno batentzat" erakusten zuen bezala. Lecanuet eta Mitterrand-ek De Gaulle (74 urterekin) iraganeko gizona bezala erakutsi nahi zuten.
De Gaulle bigarren itzulian
De Gaullek ez zuen lanjera batere ikusi. Azaro erditan, inkestek bere garaipen erresa, lehen itzulian (%66rekin), iragarri zuten. Orduan, ez zuen kasik kanpainarik egin. De Gaulleren estrategia honela laburbiltzen ahal zen, "ni edo kaosa". Frantseseri erran zuen bezala, irabazten ez bazuen "Errepublika lurrera eroriko" zen. De Gaullerentzat bozkatzea V. Errepublikarentzat bozkatzea zen, bere afixako lemak erakusten zuen gisan: "Zazpi urte baditut, handitzen utzi nazazue". Azaro bukaeran, inkestek arrisku bat bazela erakutsi zutelarik, telebistan mintzatuko zen lehen aldikotz baina berantegi zen. Abenduaren 5ean, De Gaulle ez zen lehen itzulian hautatua izan (%44rekin). Sorpresa handia izan zen. Mitterrand-ek, %31rekin, De Gaulle bigarren itzulira igorri zuen (Lecanuet-ek, %15ekin, lagundu zuen ere). Abenduko 8ko ministro kontseiluan, De Gaullek bere hutsa onartu zuen: "Tronpatu naiz... Nik dut, eta nik bakarrik, hauteskunde bat erreferendum batekin nahasi". Orduan, estrategiaz kanbiatu zen eta telebista elkarrizketa zonbait onartu zituen, Michel Droit-ekin, zeinetan usaian baino libertate gehiagorekin mintzatu zen. De Gaullek Mitterrand-en iraganari buruzko informazio galgarriak (argazki bat non Mitterrand Pétain-ekin agertzen zen edo bere adiskidetasuna Bousquet-rekin) erabiltzea errefusatu zuen, bere barne-ministroak proposatu zion bezala. Halere, André Malraux-ek, horri erreferentzia egin zuen, akusazio honekin: "Mitterrand, lau ezkerretako hautagai bakarra da, eskuin muturrekoa barne". Egia, Tixier-Vignancourt-ek (%5 egin zuenak), De Gaulle-ri buruz zuen herragatik (eta, beharbada, Mitterrand-ek Aljeria Frantsesa defendatu baitzuen ministro zelarik 1956an), Mitterrand-i boza emaitera deitu zuen. Azkenean, abenduaren 19an, Mitterrand-ek emaitza izigarri pollita egin zuen, %45ekin, baina De Gaullek zuen irabazi, %55ekin. Bere bigarren zazpi urteko kargualdi hasiko zuen. Baina, sustut, politikari guziek presidente bozetan ezer ez zela ezinezkoa ulertu zuten.











