Herriz Herri - Luhuso (L) | 2022ko Otsailaren 03a
2021ean egin obrak eta urte berrikoak
Joan den astean aipatu bezala Herriko Etxeak urte hastapen huntan herriko aldizkaria agertu du.
2021ean egin obrak - Herri guzietan bezala, etxeen helbideak aldatuak edo aldatzen ari dira, kontseiluak erabaki du izen plakak euskaraz bakarrik izanen direla. Hautu horren bidez, Luhusoko herrian euskara berriz erabiltzea nahi du. Bestalde, etxeen izenak euskaraz izanez, logikoa iruditu zaio horrela agertzea. Abisua zabaltzen du, bere etxe aitzinean plaka ez duenak, Herriko Etxera joaitea. Jaz, obra handiena izan da plazaren arraberritzea, obrak kasik bururatuak dira. Zoladura berria ezarria izan da, bai eta argi publikoak berrituak, energia gutiago xahutzeko gisan. Plaza hori autoak apartekatzeko gunea zen, orain Harri Xuriren edo eskola ondoan utzi beharko dira. Herria zeharkatzeko abiadura 20 km/orenera mugatua da.
2022ko proiektuak - 2021ean Herriko Etxeak bizileku baten osatzeko gogoetak hasi zituen, aurten plantan jartzea espero du. Euskal Elkargotik eta Departamendutik laguntzak ukanen ditu. Toki horren helburua da tokiko produktuak atzemaitea, bai eta kafe edo(ta) janari baten inguruan harreman soziala sustatzeko gunea izan dadin.
Departamenduko Kontseiluak Luhuso herria hautatu du FENICS proiektuan parte hartzeko. Proiektu horren helburua da herri baten dinamizatzea eta geroari buruz egitasmo berriak plantan jartzea. Lehen urratsak urtarril hondarrean hasiko dira, herritar guziak parte hartzera gomitatuak dira, Aldudarrak Bideok eginen dituen elkarrizketen edo etxez-etxe banatuak izanen diren galdetegiaren bidez.











