Egun eta bihar | 2022ko Otsailaren 03a
Izigarri!
Joan den astean plazaratua izan den liburu batek bazterrak harrotzen ditu eta zernahi eztabaida sortzen. Victor Castanet berriketari ezagutuak salatzen du hor xahar-etxe frangotan badirela gauza asko ezin onetsiak, jende anitz ez batere behar bezala tratatuak, batzuetan arras gaizki ere berdin.Ez untsa artatuak, lekuka jatekoa ere xuhur. Begietan gehienik xahar-etxe andana bat kudeatzen duen etxe handia. Orpea deitzen den etxe puxant horrek orotara 180 xahar-etxe baditu bere gain Frantzian eta beste 22 herrialdetan. Hein bat gradu handiko toki batzuetan ere arrangurak agertzen eta ez entraalekoak. Hilabetean zazpi mila euro edo gehiago pagatu behar eta halere artatzaileak eskas alde batetik, bestetik pentsiodunek arras bizi txarra jasan behar. Liburua idatzi duenak badu zernahi lekukotasun bildua, irakurlea harritua eta sesitua gelditzen ahal! Lekukotasun horiek xehetasun frangorekin agertzen direnak.
Bizkitartean, Orpea etxe handiaren nagusiak ez du holakorik aditu ere nahi. Denak gezurrak direla. Ahal guziak egiten dituztela jende xaharren onetan, denetan eta beti berdin xintxoki. Norbait ari dela beraz etxea itsuski zikindu nahiz! Dena den, etxe horren aitzindarietarik batto baztertua izan da.











