Gure Hitza | 2025eko Maiatzaren 22a

Makilak eta aitzurrak

Peio Jorajuria

"Behin saldua, betikoz galdua!" zuen idazten joan den astean hemen berean Menane Oxandabaratzek, Marieneko lur eremuaren inguruko afera aipatzean. Nik ere gai bera jorratuko dut, beste punta batetik harturik.

Elorrimendi mendixka, frantsesez "La Colline de la Bergerie", Kanboko hiri barnea eta Marieneko zelaiaren erdian kokatzen da. Departamendua da mendixka horren jabe, eremu guzia gune zaindu bezala ezarririk, tokiko biodibertsitatea jendearen agerian ezartzeko. Mendixka gaineko idazkun batean hau irakur daiteke besteak beste: "Departamendua bertako laborariekin engaiatua da paisaia horren eta hor garatzen den bioaniztasunaren zaintzeko". Gune pedagogiko zinez interesgarria. Kanboko herriak, turismo bulegoaren bidez, azkarki baloratzen duen eremua.

Elorrimendiren zangopean aurkitzen da Marieneko zelaia, bere arta-etxe famatuarekin, eta ere zenbait urte hauetan polemika askoren iturri den pentzearekin. Alabaina, Kanboko auzapezak eta kontseiluko bere kideek pentze hori sakrifikatu nahi dute, Bouygues enpresa erraldoiaren bidez egoitza andana baten eraikitzeko. Hots, Elorrimendiren kaskoan eta mazeletan lurra eta biodibertsitatea zaindu, Marienean aldiz laborantzako lur gizen eta emankorra osoki betuneztatu. Non da logika, non koherentzia? Hirian berean, alta, balitekeelarik, aditu askok diotenaz, etxebizitza askoren apailatzeko posibilitatea, han dauden etxe handi hutsak bereziki baliatuz. Eta memento berean, departamendu burua isilik, eta ere Euskal Elkargo burua isilik. Alta Euskal Elkargoak denbora hauetan "Euskal elkargoak laborariak laguntzen ditu" kanpaina darama.

Joan den larunbatean, proiektu horren kontra orain arte eramana izan den erresistentziaren ildo beretik, ehunka jende bildu da, makila eskuan, fermutasunaren ikur, eta aitzurrak erabili dira, berrikitan iraulia izana zen lur pezan barazkien landatzeko, lursagar, kuiatxo eta biper. Marieneko lur horrek laborantzako lur gelditu behar duela erakustera emateko. Helburu hori erdietsi arte, gero-eta deliberatuagoa den jendeak ez du amore emango, zeren leporaino badu laborantzako lurretan onddoak bezala altxatzen ari diren eraikuntza multzo horietaz.

Azken hitz bat joan den astean zendu den Pepe Mujica uruguaitar presidente ohiaz (euskal erroak Beasain aldean zauzkan). Begiak beti populuari eta pobreenei buruz itzuliak bizi izan da, xumeki, zintzoki. Uruguaitarrek gain gainetik miresten duten gizon herrikoia zen. Ez dut uste munduan gaindi gisa horretako bertze presidente bakar bat ere izan denik. Hemengo kargudunek har bezate hartan etsenplu!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3787. zbk

Gure Hitza | 2025/05/22

Makilak eta aitzurrak

Peio Jorajuria

"Behin saldua, betikoz galdua!" zuen idazten joan den astean hemen berean Menane Oxandabaratzek, Marieneko lur eremuaren inguruko afera aipatzean. Nik ere gai bera jorratuko dut, beste punta batetik harturik.

Elorrimendi mendixka, frantsesez "La Colline de la Bergerie", Kanboko hiri barnea eta Marieneko zelaiaren erdian kokatzen da. Departamendua da mendixka horren jabe, eremu guzia gune zaindu bezala ezarririk, tokiko biodibertsitatea jendearen agerian ezartzeko. Mendixka gaineko idazkun batean hau irakur daiteke besteak beste: "Departamendua bertako laborariekin engaiatua da paisaia horren eta hor garatzen den bioaniztasunaren zaintzeko". Gune pedagogiko zinez interesgarria. Kanboko herriak, turismo bulegoaren bidez, azkarki baloratzen duen eremua.

Elorrimendiren zangopean aurkitzen da Marieneko zelaia, bere arta-etxe famatuarekin, eta ere zenbait urte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016