Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2025eko Maiatzaren 22a
Sortze - Heriotze - Baztandarrak elkartearen filma - Kantu afari
Sortze
Xoko Oneko Ximun Amestoy eta Mélanie Castanchoak ongi-etorria egin diote beren hirugarren haurrari. Oihan eta Emaren ondotik, hara Mikel. Goresmenak aita eta amari. Eta sortu berriak ukan dezala zorionezko etorkizuna.
Heriotze
Heriotzak lerrokatzen ari zaizkigu azken hilabete hauetan. Urte hastapenaz geroz jadanik seigarrena. Pinpinttoeneko Francis Lefebvre zendu zaigu 77 urtetan. Frantzia iparraldeko Cambrai hirian sortua zen. Réjane andrearekin bi alaba ukan dituzte, eta haur ttipiak ere, aitatxi-amatxien zorionerako. Badu 50 urtez gora Bidarraira oporretara etortzen hasi zirela, eta aski laster Ganarriko Pinpinttoa etxe erdi deseginaz (sute bat bazuen jasana) jabetu ziren, ber-antolatu eta hor eraman dute bizia. Ofizioz trein gidaria zen Francis. Erretreta hartzean zenbait urtez Larrungo trein geltokian ere egin du lan, geltokiaren buru bezala. Herrian, beti gizon engaiatua bezala ikusi dugu, liburutegian, pilota elkartean eta beste. Azken urte bat eta erdi huntan, haatik, hezur muineko leuzemia zaukan, azken asteetan asko sufritu ere duela. Ehorzte elizkizuna joan den ostiralean iragan da. Familiari bihotz bihotzetik gure atxikimendu leialena.
Baztandarrak elkartearen filma
Onddoenearen bilakaeraz gogoetatzeko eta proiektu batzuen xutik ezartzeko, bada multxo bat, hautetsiz, herritarrez eta ikus-entzunezko langile batzuz osatua, hiru urte huntan biltzen dena. Proiektu horietarik bat da zinemaren inguruko film batzuen presentatzea. Duela guti, Otxaldetarrak elkarteak proposaturik, Mikel Erramuzperen "Nun habila Perkain" dokumentu interesgarria zabaldua izan zen. Maiatzaren 23an, ostiral arrastiriz (19:30), Arrume gelan, Baztandarrak elkarteak erakutsiko du berak muntatu film bat, bereziki uztaileko mendi lasterkaldietako ikuspegi batzuk, irudi biziki ederrekin. Herritar guziak gonbidatuak dira. Etorri goxoan, ondotik elkartekoekin mintzatzen ahalko da hurrupaldi baten inguruan.
Kantu afari
Jadanik aipatu bezala, Otxaldetarrak elkarteak antolatzen duen kantu afaria ekainaren 7an iraganen da Barberaenean, larunbatez (19:00etatik goiti). Izenak eman behar dira ekainaren 1eko berantenaz, Erramun Intzaurgarati: 06-38-52-65-44.











