Herriz Herri - Hendaia (L) | 2025eko Maiatzaren 22a
Dantza ikusgarria - Antzerkia - Kontzertua - Sagarno Eguna - Bigarre Xantzako Eskola - "Hiruak Bat"
Dantza ikusgarria
Maiatzaren 24 eta 25ean (11:30), Ertza konpaniak "Otempodiz" dantza ikusgarria emanen du Gaztelu Aretoko zabalgunean. Huna sinopsia: "Zuek ordulariak dituzue, guk denbora dugu. Erraten denez, mendebaldean denbora zenbatu egiten da, neurtu, erosi, saldu, aurreikusi, antolatu. Ondasun objektiboa da, jendartearengandik bereizia, hainbat gauza egiteko erabiltzen duguna, baina gehienetan falta egiten zaiguna. Afrikan berriz, denbora bizi egiten da. Ondasun subjektiboa da, jendarteari zuzenki loturik doana, orainaldian bizitzen dena eta kasik nehoiz ez dena falta".
Antzerkia
Maiatzaren 24an (18:30), Jon Ander Urresti Ugalderen "Eukalyptus" antzerkia ikusten ahalko da Gaztelu Zahar aretoan. Huna sinopsia: "Antzezlan hau lan harreman historiko baten istorioa da. Paternalismoz jositako harreman absurdoa. Elkar ulertzen saiatzen dira, elkarrekin lan egiten dute, elkarrekin sortzen dute historia baina elkarri mina ematen diote. Harreman historiko toxikoa. Batek efizientzia nahi du, emankortasuna, etekina,... inkonformista da. Besteak, sinpleki, iraun, bizi".
Kontzertua
Maiatzaren 27an (20:00), Hatxek kontzertua eskainiko du La Grande Illusion liburu dendan. Euskaraz izanen da eta 6 eurotan 12 urtetik gorakoentzat.
Sagarno Eguna
Hendaiako Sagarno Egunak, herri kultura eta ospakizun herritarra ekarriko ditu Herriko Etxearen plazara, maiatzaren 31n. Baleak elkarteak 1998. urteaz geroztik antolatzen du Hendaiako Sagarno Eguna, aurten bertze hamabi elkarterekin partaidetzan. Elkarteen artean, elkarlanean antolatu besta egun herrikoi eta kulturala da. Sagarnoa euskal lurralde guzietan izanik, hango eta hemengo sagarno ekoizleak gomitatzen dira. Bada etxerako ekoizten duen hendaiar ekoizle ttiki bat, eta badira sagardotegitik bizi diren ekoizle handiagoak. Elkarte bakoitzak sagarno ekoizle bana ukaiten du laguntzaile bere mahaian eta pintxo sorta, sagar-zukua baita sagarnoa eskaintzen dira. Hamahiru elkarte eta hamahiru sagarno ekoizle hor izanen dira.
Bertsolariak eta musikariak dira txotx animazioaren eramaile; bertso, trikitixa eta txaranga doinuak, kantua, dantza eta hurrup!
Bigarren Xantzako Eskola
Eskola edo lan-esparrutik urrundu diren zazpi gaztek beren bidea atzeman dute Lan-Ekoren egoitzetan berriki ezarritako Bigarren Xantzako Eskolaren tokiko antenari esker. Maiatz hastapenean bildu ziren lehen bilan baten egiteko.
2022tik Pirinio Atlantikoetan ezarritako ekimen hau, Departamenduko presidentea den Jean-Jacques Lasserren ekimenez abiatu zen. Sei hilabetez, Hendaiatik, Urruñatik, Donibane Lohizunetik eta Senperetik etorri zazpi gaztek hainbat tailer eta enpresetako praktika segitu dituzte, banakako segipen pertsonalizatua ukanez. Abian jarri zenetik, esperimentuak emaitza onak erakutsi ditu, eta horrek erakundeetako partaideen interesa piztu du.
"Hiruak Bat"
Irun, Hondarribia eta Hendaia herriek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, "Hiruak Bat" diru-laguntzen laugarren deialdia abiarazi dute, mugaz gaindiko proiektuen garapena bultzatzeko helburuarekin. Diru-laguntza hauek, lurraldeko pertsona eta enpresentzat hiru hirien arteko lankidetza sustatzeko, kohesioa lehenesteko eta garapen partekatua bultzatzen duten proiektuak gauzatzeko aukera eskaintzen dute. Hautagaitzak ekainaren 16a arte bidali behar dira consorcio@bidasoa-activa.com helbidera.











