Mundu zabalean | 2025eko Maiatzaren 22a
Hedabideen eta kazetarien egoera
M.O.
1985ean "Mugarik Gabeko Kazetariak" (Reporter Sans Frontière) erakundea, kazetariak eta hedabideak babesteko eta informaziorako sarbide librea bermatzeko helburuarekin sortu zen. 180 estatuetan prentsa sektorearen egoera zertan den jakiteko ikerketa bat egin du. Maiatz hastapenean horren berri eman du.
"Mugarik Gabeko Kazetariak"-en eginkizuna
Gobernuz Kanpoko Erakunde hunek herritar bakoitzak fidagarriak diren informazioak eskuratzeko duen eskubidea defendatzen du. Eskubide hori berri baten ulertzeko, iritzi baten ukaiteko eta kontzientzia osoz jokatzeko funtsezkoa da. Bere mandatua Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. artikuluan oinarritzen da. MGK erakundeak printzipio horiek aplikatzen ditu, elkarren arteko errespetuan, diskriminazio ezan eta salaketarako eskubidean. Aitzinatzen dituen printzipioak, informazioaren gardentasunean finkatzen ditu, ustelkerien eta interes ekonomikoen kontra mobilizatzen da. Bere helburu estrategikoak modu independentean definituak dira, ez du onartzen finantza dohaintzek prentsan eragina ukan dezaten.
Arriskuan bizi diren kazetarieri laguntza materiala eta legala eskaintzen die. Ihes egitera behartuak direnak laguntzen ditu eta presiopean diren hedabide independenteak babesten ditu. Zentsuraren eta desinformazioaren kontra borrokatzen da. Prentsa batzuk jasaiten dituzten erasoak salatzen ditu.
Kazetarien babesa
Kazetariek eta komunikabideek 180 estatuetan duten lanerako askatasun maila konparatua izan da. Sailkapena egiteko MGK definizioa hunen inguruan oinarritu da: "Prentsaren askatasuna da kazetariek, banako eta kolektibo gisa, interes orokorreko informazioa eskuratzeko eta zabaltzeko aukera ukan dezaten. Esku-hartze politikoak eta ekonomikoak alde batera utzita, kazetariek ez dute mehatxurik jasan behar".
MGK erakundeak lan bat eraman du, testuinguru politikoa, marko juridikoa, egoera ekonomikoa, soziokulturala eta segurtasuna kontutan hartuz, kazetarien egoera zertan den jakiteko.
Prentsaren egoera
Gehienetan kazetariek jasaiten dituzten erasoak aipagai baldin badira, komunikabideak botere ekonomikoen presiopean dira. Egina izan den lanketan, agertzen da nazioartean bataz-beste hedabideen finantzak egoera txarrean direla, sekulan ikusi ez den maila. Nazioartean prentsaren independentzia gibelera doala, finantza arazoek hedabide anitz hauskortu dituzte. Irakurtzen ahal da: "Espazio mediatiko anitza, librea eta independentea bermatzeak baldintza finantzario egonkorrak eta gardenak behar ditu. Independentzia ekonomikorik gabe, ezin da prentsa librerik izan".
Komunikabideak ekonomikoki ahultzen direnean, aberats indartsu batzuen esku gelditzen ahal dira. Desinformaziorako eta propagandarako sortu diren komunikabideen aitzinean, hedabide batzuk horren kontra borrokatzeko ahalik ez dute.
Ikerketa horrek erakusten du komunikabideak beren independentzia eta biziraupen ekonomikoa bermatzearen artean harrapatuak direla.
Komunikabideen gelditze masiboak
MGK-k aztertu 180 herrialdeetatik, 160 estatuetan komunikabideek ez dute finantza egonkorra lortzen. Oraino okerrago, munduko estatuen herenaren komunikabideek zailtasun ekonomikoen ondorioz aktibitatea gelditu behar dute. Bereziki hori gertatzen da Estatu Batuen kasuan, Argentinan eta Tunisian. Palestinan kazetariek bizi duten egoera ezin-jasana salatua da. Gazan, duela hilabeteak ezarritako blokeoa dela eta, Israelgo armadak 200 palestinar kazetari hil ditu eta anitz erredakzio gune suntsitu.
Hogeita hamalau estatuetan hedabide batzuk hestera behartuak izan dira, ondorioz kazetariek ihes egin behar ukan dute. Hori gertatzen da Nikaraguan, Bielorrusian, Iranen, Birmanian, Sudanen, Azerbaijanen eta Afganistanen.
Plataformen nagusitasuna
Hedabideen alorrean fenomeno berria agertu da, GAFAM Interneteko enpresek (Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft) eremu mediatikoan leku indartsua hartu dute.Plataforma horiek, ez direnak arautuak, publizitateen merkatua berenganatua dute. 2024an plataformetan egin publizitate gastua handia izan da (247,3 miliar dolar), 2023an baino %14 gehiago.Komunikabideen eredu ekonomikoa ahultzeaz gain, MGK egiturak salatzen du Internet plataformek desinformazioa hedatzean eta segitzaileak manipulatzean interesa dutela.











