Euskal diaspora | 2025eko Maiatzaren 22a
Euskal australiarren bilkura, esklabotza Euskal Herrian eta Ziortza Olano
Joseba Etxarri
AUSTRALIANOAK.
Heldu den ekainaren 14an larunbatarekin, Euskal Australiar Elkarteak(EAE) 2025eko bazkari-elgarretaratzeaeginen du. Australian ala Euskal Herrian sortu, baina lokarri euskal-australiarra duten bere kide eta lagunen bilgune den bazkari eta egun-pasa hau, urte osoan igurikatu jarduera da komunitate huntako lagunentzat. Oroit dezagun sail huntako lehenengo hitzordua 2016an egin zela, Gernikan bertan, Euskal Australiar Elkartea sortu zen urte berean. Azken urteotan bezala, bazkaria Gernikako Zallo Barri jatetxean gauzatuko da (14:30). Euskal Australiar Elkarteak deia luzatu die "australiano" guziei izena eman eta parte hartzeko. Bazkari eta bazkalosteak 40 euroko prezioa du bazkideentzat, 50 eurokoa bazkide ez direnentzat, eta 20 eurokoa haurrentzat. Bazkalondoren musika zuzenean egongo da eta zozketak bertaratutakoentzat. Izena emateko azken eguna ekainaren 9a da. Facebooken dira, elkartearen izenarekin.
ESKLABOTZA EHan.
"Esklabotza Euskal Herrian eta esklabista euskaldunak" gaia aztertuko dute ekainaren 11 eta 12an Bizkaiko Ispasterren EHUko UIK Udako ikastaroetan. Euskal jatorriko pertsonek eskulan esklaboarekin eta pertsonen trafikoarekin zerikusia ukan zuten hainbat esparru aztertu eta ezagutaraziko dira, XVI. mendetik hasi eta XIX. mendean, mendebaldeko herrialdeetan esklabotza debekatu zen arte. Àƒ'"scar Àƒ'lvarez Gila eta Esther Corta Gabiola dira ikastaroko zuzendariak. Kurtso presentziala da. Ikastaroak zenbait kasu landuko ditu, euskal jatorriko pertsonek esklaboen salerosketan edota eskulan esklaboaren erabileran ukan zuten partaidetzaren adibide, batez ere, baina ez soilik Amerikan. Eta gogoeta bultzatuko du egungo memoria historikoaren inguruan, Euskal Herriaren iragan esklabistaz, eta horrek gaurko gizartean dituen inplikazioei dagokienez.
ZUZENDARI BERRIA.
Gehienek ez dute jakinen badenik ere, baina Eusko Jaurlaritzak badu Diaspora gaietarako zuzendaritza, munduko Euskal Etxe eta euskaldunez okupatzendena. Joan den aste huntan, zuzendari berria izendatu dute eta astelehen huntatik aitzina, emazte berri bat, Bizkaiko Mundakakoa, izanen da alor hortako arduradun. Ziortza Olano Astigarraga du izena, abantzu 50 urtekoa, eta esperientziaduna da talde-lanean, Mondragon Unibertsitatean arizan da orain arte lan ederra egiten. Orain erronka ederra ere ukanen du euskal diasporaren familia izpiritu hortan antolatzen. Badu familia Diasporan, Mexikon. Lerro hauetarik agiantza onenak igortzen dizkiogu bere lan eta ardura berrian, Diasporak badu-eta politika publiko on baten beharra iragan aberats bati ber geroa bermatzeko, Diasporari etorkizunik onena ematen.











