Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Maiatzaren 22a
Biltzar nagusi - Suhiltzaileen dantzaldia - Gazte kontseiluarekin - Kontzertu - Erakusketa
Biltzar nagusi
Iragan astearte arratsean Arruntza Koop elkarteak egin du ez ohiko biltzar nagusia Aldacourou gelan, 60 bat entzulerekin. Elkartean 130 familia badira; segurtatzen ditu barazki, fruitu, haragi eta etxe hegazti saltzeak, gehienak tokiko ekoizpenak direla. Iragan urtean hartu erabakiak oroitarazi dira hastapenean. Bainan azken denbora hauetan zailtasunak ditu partaide diren saltzaileekin eta ekoizleekin. Akats batzu agertu dira produktuen kudeantzan, prezioak ez beti aski argi, desberdintasunak agertzen direla, ekoizpenak ez denak saltzen, galtzeak badirela. Saltzaileak ere ez dira denak berdin ados ekoizpenak zer heinetaraino kontserbatzen ahal diren eta ezin salduak merkatutik noiz erretiratu behar diren. Beharbada batzuek arazoak dituzkete elikadurak baldintza onetan atxikitzeko. Horiek oro aipatuak izan dira garbiki. Halere orokorki ez dute izan diren akatsek elkartearen bizia arriskuan emaiten. Bainan konduetan sartzeko zuzenketa on baten beharra bazela agertu da.
Suhiltzaileen dantzaldia
Urtero egiten duten bezala suhiltzaileek antolatu dute aurten ere beren dantzaldi eguna, larunbat huntan, maiatzaren 24an iraganen dena beren kaserna edo egoitzan. Bazkalondoan ate idekitzeak izanen dira denentzat, argazki erakusketa, material eta tresnen aurkezte eta erabiltze, eta sokorri jestuen presentatzeak ere. Hemen berean ez ukanez, Kanboko edo BABko suhiltzaileen zurubi handia hor izanen da, haurrek bereziki preziatzen dutena. 19:00tan hasiko dira animazioak, lehenik Larresoroko Gogoa kantari taldearekin. Ondotik (21:00) Alma Loca (gipsy) musika taldea eta gaua bukatzeko DJ La Castagne (23:00). Erran gabe doa jan edariak segurtatuak izanen direla denentzat denbora osoan. Ez jakin arren beti sokorrientzat suhiltzaileek noiz eta zonbat parte hartze egiten dituzten, horien zerbitzuek esker ona hartzen dute publiko nasai batek parte hartuz besta egun hortan. Ongietorri hoberena segurtatzen dute deneri.
Erakusketa
If Machicotek emana du bere tTok arte lekuan David Anocibar Arroquiren margo erakusketa berria. Erakusketaren lema: "Ereman nazazu dantzatzera". Artista Amunarritzen (Nafarroa) sortua da; 48 urte ditu. Margolanetan tradizioa eta errealismoa maite ditu; formatu handiko margotan erakusten du bere lana. Ikasketak Madrilen eginik, Portugalen lan egin du bost urtez berriz Nafarrora itzuli artean. Margo lehiaketa batzuetan parte hartu du. Sariztatua izan da bereziki Ordiziako eta Amurrioko lehiaketetan. Erakusketa, tokian egonen da maiatzaren 16tik uztailaren 3a arte helbide huntan: Joaniskobaita 1 Purguko kurutze plaza Uztaritze. Bisitak egin daitezke ondoko tenore hauetan: asteartetan (17:00-20:00), asteazkenetan (9:00-16:00), ortzegunetan (15:00-18:00) eta ere hitzordua hartuz telefono zenbaki huntara: 06-01-98-00-24. Ongietorri hoberena egina da deneri.
Gazte kontseiluarekin
Herriko gazte kontseiluak egin du bere lehen ekitaldia joan den igandean, uztariztar gazteak euskal kiroletara gomitatuz Lota jauregiko parkean (9:30-12:00). Kiroletan ikusi da sokatira, lasterketa desberdinak zakuetan, esne untziekin edo arto zakuekin; pilotan ere arizan dira tokiko plaza ttipian. Ekitaldi hori beharra zen halere belaunaldi arteko bat izan. Bainan ez zaie beharbada espero zuten bezainbat gazte eta jende heldu hurbildu. Egia da asko gauza batean bazirela Herriko Etxe inguru hortan igande goizean.
Kontzertu
"Labourdins" musika elkarteak emanen du larunbat eta igande huntan, ikusgarri musikatua "Western kontzertua" deitua, Bilgune gelan. Amerikar bizimoldeak gostuko dituztela, elkarteko lau kideren asmakizuna da istorio berezi baten kondatzea, hortarako amerikano filma batzuen musika zati batzu sartu dituzte. Eszena partea musika eskolan dabiltzan gazteek segurtatuko dute. Badu 3 hilabete prestatzen ari direla. Larunbatekoa osoki euskaraz hasiko da (18:00), igandekoa aldiz frantsesez hasiko da (16:00). Sartzea libroa izanen da gero bakotxari iduritzen zaiona eskaintzea. Ongi etorri deneri.











