Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Maiatzaren 22a
Elkanori buruzko erakusketa - Naturaren Besta - Landare trukaketa - Adixkideak elkartearen erakusketa - Gure Eskuren ekimena Larrunen - Dokumentala - Kalimutxo Gaua - Zortziko ikastaroa - Euskaraokea
Elkanori buruzko erakusketa
Duela 500 urte, 1519-1522 urteetan, gipuzkoar batek, Joan Sebastian Elkano itsasgizon getariarrak, lehen mundu-bira egin zuen. Horren kari, Euskal Itsasbazterrak elkarteak eta Elkano Fundazioak, Urruñako Herriko Etxearen laguntzaz, martxoaren 28tik maiatzaren 17ra erakusketa ezarri zuen Postan gelan, publikoari zabalik izan dena. Erakusketa bikaina zinez, beste zenbait herritan ere ikusgai ezartzeko modukoa!
Naturaren Besta
Aurten, Naturaren Besta, hilaren 21etik 25era izanen da. Horra egitaraua: hilaren 23an ostiralarekin (20:00-21:30), "Des serpents dans nos têtes" filma emanen dute errugbi zelaiko Jeanne Senper gelan, eta horren ondotik eztabaida izanen da. Ber egunean (20:00-23:30), Bixikenea eremuan Gaueko Hegalak izeneko ibilaldia izanen da, gaueko pinpirinak ezagutzeko asmoz. Hilaren 24an larunbatarekin (9:00-16:00), Betizuen urratsetan izeneko ibilaldia eginen da Erintzu aldean, bertako animaliak eta landaredia ezagutzeko parada ederra izanen da. Ber egunean (10:00-12:00), Laburreneko ekologisten eskutik, "Zientzia parte-hartzaileak eta loreen zaindariak" izeneko gaia landuko dute. Hilaren 25ean igandearekin (9:00-12:30), baratze-basoaren bisita eginen dute Bixikineko eremuan, espezie inbaditzaileei eta sasi idorrei buruzko tailer ibiltariaren bitartez.
Landare trukaketa
Herriko Etxeak, maiatzaren 17an larunbatarekin, landare trukaketaren hirugarren edizioa aurkeztu zuen. Herritarrek landareak, haziak, loreak eta lorezaintzako materiala trukatzeko eta informazioa jasotzeko parada ederra ukan zuten. Goiz osoan zehar, animazio eta tailer franko izan ziren: tisana dastaketa, baratzezaintza eta abar, eta herritarrak hor ibili ziren egunaz gozatzen.
Adixkideak elkartearen erakusketa
Maiatzaren 20tik ekainaren 6a arte, Adixkideak elkarteak antolaturik, tailerretan egindako arte plastikoei buruzko erakusketa izanen da Posta gelan: margolanak, zeramikak, argazkiak, loreak, mosaikoak, marrazkiak, pastelak... Arratsaldero (15:00-19:00) zabalik eta ikusgai.
Gure Eskuren ekimena Larrunen
Hilaren 25ean igandearekin, Gure Eskuk mendi ibilaldia eginen du Larrunera euskal nazioa aldarrikatzeko asmoz.Bi zutabe abiatuko dira Larrungo gailurrera, Azkainetik (9:00) eta Beratik (10:00), eta goi-goian bilduko dira biak. 12:00tan haga luze-luze bat ezarriko dute eta bertatik zintzilik, ikurrin erraldoi bat, urrunetik ikusiko dena. Ikurrin horrek garrantzi sinboliko berezia ukanen du, erakutsiko baitu sasi muga horren bi aldeetan, libre izateko eskubidea duen nazio bera dagoela: Euskal Herria.
Kuxkuxtu dokumentala Berttolin
Hilaren 23an ostiralarekin (19:00), Arri Iraeta Irigaraik egin "Kuxkuxtu txaranga. Parean, ondoan, elkarrekin" izeneko dokumentala emanen dute Berttoli elkartean, urririk. Ondotik, pintxo-potea izanen da Kuxkuxtu txarangarekin.
Kalimutxo Gaua
Hilaren 28an asteazkenarekin izanen da urtero egiten duten Kalimutxo Gaua. Kontzertua Kuartz taldearekin (18:30), bigarren kontzertua The Locos taldearekin (22:30), eta bukatzeko (00:30) azken kontzertua Koloka taldearekin.
Zortziko ikastaroa
Hilaren 21ean asteazkenarekin (14:00), Lantzeko Zortzikoari buruzko ikastaroa izanen da errugbi zelaiko Jeanne Senper gelan. Kitorik, Euskaraldiaren barneko ekimena da.
"Euskaraokea" gaztetxean
Hilaren 24an larunbatarekin (18:00), Hazia elkarteak Euskaraldiaren kari antolaturik,"euskaraokea" izanen da gaztetxean, urririk.











