Gogoa hazi | 2025eko Maiatzaren 22a

Kristautasun inkulturizatua

Peio Ospital

Segitzen dugu Jacques Musset biblistaren liburuaren irakurketarekin: "Jésus pour les non-religieux À¢'€'" Rendre son humanité au prophète de Nazareth" (Ed. Karthala). Idazleak aitortzen du gaur egun Jesus "exkulturizatu" baten irudiaren aurkezpen tradizionalek arbuioa eta interes-eza eragiten dutela gure garaikide anitzen baitan. Hori horrela izanik, kristauei dagokien erronka da itxura horri nolabait herautsa kentzea, Jesusen izpiritua gaurkotzea, hau, azkenik, gure garaiko emazte eta gizonentzat inspiratzaile bilaka dadin. Erran genezake kristautasunaren inkulturizazioa beharrezkoa dela sinesgarria izan dadin.

"Inkulturizazioa" hitz askitto berria da hiztegi teologikoan. Horrek erran nahi du tradizio izpiritual batek, historikoki aldi jakin batean eta testuinguru jakin batean sortua, birpentsatua izan behar duela beste testuinguru kultural batean zentzua hartzeko. Kristautasun inkulturizatuak funtsezko bi ezaugarri ditu: batetik, Bibliaren eta ebanjelioen irakurketa historiko-kritikoa, eta bestetik, munduaren eta gizakiaren ikuskera modernoa, bata bestearen ondotik izan diren gisa guzietako aurkikuntza zientifikoen ekarpena barne hartzen duena.

Itun edo Testamentu Berriko testuei dagokienez, metodo historiko-kritikoak haien pentsamoldeak, lengoaiak eta erranahiak deskodetzeko parada emaiten du; Nazaretarraren pertsona historikoaren ezaugarriak agerrarazten ditu, bere bizitzeko moldea, bere irakaskuntza eta askapen praktika, bere Jainkoarekiko harremana, bere motibazioak, bai eta heriotzara kondenatua izaitera eraman zuten bere borroken apustuak ere. Aldi berean, Jesusen itxurapen faltsuak deseraikitzen laguntzen du, Ebanjelioen eta Pauloren hitzez-hitzeko irakurketetan oinarrituz landuak eta gaur egun beti erabiliak.

Gure kultura modernoa berriz, modernitatetik Errenazimentura eta gaur egunera arte unibertsoaren, gure planetaren, bizitzaren sorreraren, animali espezieen eta, azken finean, gizakiaren itxurapenak errotik aldatu dituzten aurkikuntza handietarik sortu da. Koperniko, Galileo, Kepler, Newton eta antzekoen aurkikuntzek, errepresentazio tradizional asko guziz zaharkituak eta baliogabeak izaitea eragiten dute, hala nola munduaren Jainko-kreatzailearena, euria eta eguzkia egiten duena, historia esku-azpiz gidatzen duena, bere trenpuaren arabera.

Gauza bera gertatzen da Jesusen itxurapenekin eta doktrina katoliko tradizionalarekin: Jainkoak gizakia sorkari espezifiko gisa sortu izanaren teoriak, jatorrizko bekatuak joa, Jesusek, Izpiritu Sainduaren bidez Birjina batenganik sortuak, berrerosteko misionea izango duenaren teoriak, etab... ez dute irauten aurkikuntza eta aitzinapen zientifikoen aitzinean.

Hainbat pentsalarik, filosofok, teologok (Lucien Laberthonnière, John Shelby Spong, Joseph Moingt, Marcel Légaut, Eugen Drewermann...) kristautasun tradizionalaren dekantazio erradikala egin dute bere erro ebanjelikoen gainean eraikitzeko. Anitzetan baztertuak izan dira, baina Jesusen berritasunera sarbidea eman daukute, bizitza gizatiar, kultural, politiko eta sozialaren mamian bizitzen dena. Baldintza bakar horrekin inspiratu ahal ukan du eta inspiratzen segitzen du kultura guzietako emazte eta gizonen bizitza mendeetan zehar.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3787. zbk

Gure Hitza | 2025/05/22

Makilak eta aitzurrak

Peio Jorajuria

"Behin saldua, betikoz galdua!" zuen idazten joan den astean hemen berean Menane Oxandabaratzek, Marieneko lur eremuaren inguruko afera aipatzean. Nik ere gai bera jorratuko dut, beste punta batetik harturik.

Elorrimendi mendixka, frantsesez "La Colline de la Bergerie", Kanboko hiri barnea eta Marieneko zelaiaren erdian kokatzen da. Departamendua da mendixka horren jabe, eremu guzia gune zaindu bezala ezarririk, tokiko biodibertsitatea jendearen agerian ezartzeko. Mendixka gaineko idazkun batean hau irakur daiteke besteak beste: "Departamendua bertako laborariekin engaiatua da paisaia horren eta hor garatzen den bioaniztasunaren zaintzeko". Gune pedagogiko zinez interesgarria. Kanboko herriak, turismo bulegoaren bidez, azkarki baloratzen duen eremua.

Elorrimendiren zangopean aurkitzen da Marieneko zelaia, bere arta-etxe famatuarekin, eta ere zenbait urte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016