Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2023ko Apirilaren 27a
Herriko berriak - Pilota - ACCA biltzar nagusia - Kulturaldia
Herriko berriak
Herriko Etxearen aldizkaria zuen gutun untzietan atzeman dukezue, joan den astean. Argazki eta artikulu, Baigorrik aitzineko hilabeteetan burutu dituen ekitaldi eta geroari buruz dituen proiektuen berri emaiten dauku, hauek guziak laburbiltzen dauzkigun Jean Michel Coscarat auzapezaren lehen orrialdeko hitzarekin.
Besteak beste, uholdeen ondoko obren bururatzea, euskararen astea eskoletan, Baztango gaztekilako trukaketak, liburutegiaren arraberritzea, "Goxoki etxean" adinekoak etxean gelditzeko laguntza, herriko laborantxa etxaldeen diagnostikoa, mugikortasunari buruzko galdetegia aurkituko duzue. Urepele eta Arrosa arteko joan jin kariaz bereziki, "trantsizio ekologikoa" batzordearen gogoeta eta proposamenak, tokiko hirigintza planaren lantzea, karrikaren antolaketari buruzko eztabaidak eta bertze... Gainera, leizor asiatikoaren kontra borrokatzeko aholkuak ere aurkituko dituzue.
Jean Michel Coscarat-ek hitz hauekin bururatzen du bere mezua: "Urte hunek lasaitasuna eta ongi nahia ekar diezagun, gure programan aipatuak diren proiektuak segitzeko parada ukan dezagun!"
Pilota
Zaharrer Segi osagarri ezin hobean! Gure pilota elkarteak bere biltzar nagusia ospatu du Alduden, joan den aste hondarrean. 320 bat pilotari, 40 bat trebatzaile eta xapelak ezin konda, Ipar Euskal Herriko pilota elkarte handienetarik bat, nun ez den handiena. Bainan ez gaiten espantuetara lerra! Bulego zuzendarian dira Jean Marc Oçafrain, Beñat Semerena, Bixente Videgain, Ramuntxo Irastortza, Mirentxu Hirigarai, Evelyne Semerena eta Argia Olzomendi. Arduradun horiek guziak jadanik ari dira heldu den urteari pentsatzen. 2024an, Zaharrer Segik bere ehun urteak handizki ospatuko ditu.
Xapeldun bat gehiago! Frantses Federakuntzak antolatzen duen artekoen buruz-burukako xapelketan, Zaharrer Segiko Eneko Ibarrolak Lekorneko trinketean finala irabazi du, 40/31, Irisartarrak taldeko Bidarten kontra.
Artzainen Lasterkaldia
Maiatzaren 6an iraganen da aurtengoa, ibiakoitzez. 23 kilometro egiten ditu. Ibilbidea: Oilandoi, Ahartzako lepoa, Alkai, Germieta, Urdansoro, Uharrita, Jatsun erreka, Urdantzia, Martinturrita, Leizartze, berriz Ahartzako lepoa, Harrizabale,Pokoinea, Lixketa eta jautsi Baigorrira.
Edo nahiago balin baduzue, bada 15 km-ko "Oilandoi goiti behiti" lasterkaldia ere. Batean edo bestean parte hartzeko, izenak berantenaz maiatzaren 2ko eman behar dira, artzain.fr helbide elektronikoan.
Egunaldi lasaiago baten hautua egiten ahal duzue ere 15 km-ko ibilaldiarekin. Hunentzat, izenak tokian berean emaiten dira (7:00-8:00).
Bestalde, "Garazi en rose" elkartea ere partaide izanik, hunen alde antolatzen den 5 km-ko ibilaldi ttipira joaiten ahalko zirezte, 3 euroren truk.
Huni loturik, bada ere bizikleta elektriko bat irabazteko eta zuen zenbakia Donibane Garaziko edo Baigorriko saltegietan hartzen ahal duzue. Zozketa lasterkaldiaren egunean.
ACCA biltzar nagusia
Baigorriko ihiztarien elkartearen biltzar nagusia maiatzaren 13an iraganen da, ibiakoitzez (9:00), Herriko Etxe zaharreko lehengo bilkura gelan. Karia hortara, 9 partaide dituen administrazio kontseilua arraberrituko da. Kandidatura eta prokurazioak ACCA-ren lehendakariari helarazi behar zaizkio berantenaz apirilaren 28ko (ortzirale huntako), ihiztari bakotx ez da prokurazio bakar bat baizik bali.
Kulturaldia
Azken hitzorduak aste hondar huntako ditugu.
Ortziralean, apirilaren 28an, Aldudeko Alfaroinean "Franco-ren menpe kantatzen ginuenean" Colette Larraburuk idatzi liburuaren aurkezpen kantatua. 1970eko hamarkadan, Ipar Euskal Herriko abeslariek frankismoaren zapalkuntza pean ziren Hegoaldeko herritan kantatzen zutelarik.
Ibiakoitzean, apirilaren 29an, Baigorriko Bil Etxean (20:30), "Ez dok hiru" antzerki musikala. Zonbat euskal kantu ezagutzen ditugu? Ikuskizun hortan, berrehun baino gehiago agertzen dira. (Zatiak, bixtan da). Ondotik, "Cumbiam Bero" ikastolan, kontzertua, kolonbiar soinuen erritmoan.
Igandean, apirilaren 30ean, Nafarroaren Eguna! Goizez, elizako plazan, merkatua, dantza ekitaldia, bazkaria Plaza Xokon, arratsaldez, behereko plazan, bertsu saio, dantza ikusgarri, Kiki Bordatxo, kontzertuak eta giro bero beroa.











