Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Martxoaren 23a
Iparra-Hegoaren kultur astea - Nahasien Gau - Antzezlana Arotzenian - Lapurdiko EH-ko finalera - Pilota
Iparra-Hegoaren kultur astearen egitaraua
26. aldiz, zenbait urruñar eta goierritarren arteko adiskidetasunetik sortutako Iparra-Hegoa elkarteak bere kultur astea prestatu du. Martxoaren 27an hasiko da eta apirilaren 2an bukatuko. Egitaraua: hilaren 27an, astelehenarekin: Urruñako ikastolako haurrak Seguran izanen dira bertako eskolako haurrekin batera zenbait ekitaldi, bisita eta harreman eginez. Mintzaldia (19:00) “Harresia Bidasoan”. Hilaren 28an, asteartearekin: Urruñako eta Segurako haurrak elkarrekin ibiliko dira zenbait ekitalditan. Mintzaldia (19:00) “Euskal Herria eta migratzaileak”. Hilaren 29an, asteazkenarekin: (19:00), sukaldaritza tailerra. Hilaren 30ean, ostegunarekin (11:00), Etxepare Lizeoko ikasleek CAF enpresa bisitatuko dute. Bertsu eta kantu poteoa (19:30), bertsulariak: Amets Arzalluz, Maddalen Arzallus eta Iker Zubeldia. Kuxkuxtu txarangak animatuko du. Hilaren 31n, ostegunarekin (10:00), Etxepare Lizeoko ikasleen bisita gidatua Lazkaoko Beneditarren artxibategira. Libertimendua (19:00) eta bildotsa burruntzian eta sagarno dastaketa (19:30). Arratsez: Kuxkuxtu txaranga karrikaz karrika, ondotik Xutik eta DJ Bull. Apirilaren 1ean, larunbatarekin (9:00), mendi ibilaldia eta pilota partidak, gazte bazkaria (14:30) eta taloak eta Euskal Herriko garagarnoen dastaketa (19:00), arratsez Kuxkuxtu, Rakatapunk, Kontrabanda eta Odei. Apirilaren 2an, igandearekin (10:00), Sukalki lehiaketa, albokariak, Baigorriko gaiteroak eta joaldunak, Gereziondoaren aitzineko ekitaldia eta herri bazkaria, Kuxkuxtu txarangak kantuz alaituta. Arratsaldean sukaldaritza lehiaketako sari banaketa, dantzaldia Balantza taldearekin. Igandeko autobusa, ohi bezala, autobus batek herritarrak urririk eramanen ditu Segurara, Pausutik (9:00).
Nahasien Gaua Oletan
Apirilaren 1ean, larunbatarekin, urtero Oletan izaten den Nahasien Gaua ospatuko dute. Herri afaria izanen da xapito azpian (20:30), Baga Biga taldearen animazioarekin. Telefonoa: 07.87.94.92.40
Antzezlana Arotzenian
Hilaren 18an, larunbatarekin (20:00), Gilkitxaro antzerki taldearen “ETAren agiri bulegoa” izeneko antzezlana jokatu zuten Arotzenia ostatu-elkartean. Aktoreak Ane Zabala eta Galder Perez izan ziren. Jende anitz hurbildu zen antzezlanaz gozatzera.
Mutxikoak plazan
Hilaren 25ean, mutxikoak izan dira Herriko Etxearen aitzineko plazan, hilero azken larunbatean izaten den bezala (11:00-12:00). Goiz osoz herriko merkatua zabalik izanen da.
Lapurdiko mus finaletik EH-ko finalera
Hilaren 11n, jokatu zuten Xaia ostatuan Lapurdiko mus finala Euskal Herriko Mus Txapelketaren finalerako baliagarria dena. Osora 24 bikote ari izan ziren umore onez. Irabazleak Jean François Rivera eta Jean Claude Lormont urruñarrak izan ziren eta martxoaren 25ean, Bizkaiko Zornotza herrian jokatuko den Txapelketa Nagusiaren finalean ariko dira. Osora, 12 bikote joanen dira Lapurditik Euskal Herriko finalera.
Bidasoaldeko txirrindularien topaketa
Hilaren 25ean, larunbatarekin, Bidasoaldeko txirrindularien topaketa eta ibilaldia izanen da (10:00 -14:00), Abiatzea Irungo Palmera-Monterotik.
Pilota partiden emaitzak
Iparraldeko Pilota Batzordearen amateur mailako buruz-buruko txapelketan, urruñarrek honako emaitzak ukan dituzte: Barrenetxe (Zaharrer Segi 4) 40 – Bideondo (Urruñarrak) 30 eta Antxordoki (Atzarri) 40 – Zigarroa (Urruñarrak) 19.
Adindunendako ekitaldiak
Hilaren 23an, ostegunarekin, bisita Ortzaizeko Goikoetxea eltzegintzara, ondotik bazkari goxoa jatetxean. Abiatzea, Posta gelan (10:00). Mahai jokoa (14:00). Hilaren 27an, astelehenarekin, karaokea (14:30). Hilaren 28an, asteartearekin, sukaldaritza saioa: kuiazko risottoa (10:00) eta arratsalde dantzatua (14:30). Hilaren 29an, asteazkenarekin, 9 km-ko ibilaldia Zokoa auzotik Donibane Lohizuneko Santa Barbaraino. Abiatzea: Posta gelan (14:00). Izena emateko: 07-64-62-55-14 edo 05-59-47-95-08.