Gogoa hazi | 2023ko Apirilaren 27a
Ura, bizia
Jean-Louis Davant
Urik gabe, bizirik ez da: desertua, basamortua, dena harri eta hondartza, ilargian bezala. Klima berotuz doan arau, ura eskasten ari zaigu denetan, Euskal Herri berdea barne, munduko klima hoberenen azpian. Hemendik ez urrun, Poitou eskualdean, uraren gerla pizten ikusi dugu ez du aspaldi, telebista leihotik. Gobernuak zer dio? Kasu egitea eskatzen digu. Egia da ez dugula gehiago burrustan erabili behar, parte on bat galduz. Baina jende bakoitzaren zuhurtzia baino puska bat gehiago beharko da, uraren hamarretarik zortziak ihes egiten baitigu, laborantzaren, industrien eta botere publikoen eskuetan: uraren politika orokor bat plantatu beharko digute, baina berehala!
Laborantzatik hasi behar da, zeren oro hortarik bizi gara, janaria hortik ukanez. Uzten eta kabalen hazteko, ur anitz behar dela bistan da. Artoa bereziki zinez egartsu den landarea da, eta ber denboran eskualdeko uztarik hoberena dugu. Ordoki eta mazela ezti guziak hartzen ditu builta honetan. Lehenago ez bezala, orain lurpetik eta ibaietarik edaten du ureztatzeko tresnen arartez, eta behere horietan nonahi ura burrustan isurtzen ageri da egun betean, eguzkiak parte on bat edaten duelarik zuzenean. Zer galtzea! Lan hori ez ote litzateke gauaz egin behar?
Beste lan bat ere beharrezkoa litzateke: haizea izigarri xukatzaile baita, hori moztuz ur anitz galtzetik begira laiteke lurrean, eta horretarako teknika bat bada builta honetan ezaguna, laborantzako eskoletan ikasten dena: zuhaitzen lerrokatzea haize gaiztoenei buruz, eman dezagun berrehun bat metretarik. Ibarretan balio luke zeiharka landatzea hegoaren eta iparraren baraxteko, eztitzeko, haizerik idorrenak baitira, ibaien goiti eta beheiti dabiltzanak.
Beste manerarik ere bada uraren lurrean atxikitzeko, hala nola humus edo lurrustelez aberastea. Haatik leku hau ez da agronomian irakasteko tokia, nahiz horretan ari izana naizen laneko denbora guzian. Gainera oraiko laborariek behar dena oro badakite laborantzaren berritzeko eskaeren arabera. Borondatea dute behar, kanbioa beharrezkoa baita denentzat.
Aldaketa ez da beti errexa, bakan da merke. Laguntza zor zaio gain hartarik, hots Europatik eta Frantziako gobernutik. Behar bezalakoa ote da handik heldu zaiguna? Europako primak nola emanak dira? Hektarakal eta kabalekal. Holaz laboraria bulkatzen da lurren beti hedatzera, saldoen handitzera, gero eta gehiago ekoiztera, kalitatearen kalteetan; traktorea ere auzokoak baino ederrago, aterpea nasaiago, zorrak lodiago, arrangurak araberan, eta laboraria lanaren esklabo.
Ber denboran Europak ekologiako debekuak azkartzen ditu, Frantziako administrazioak lege horiek oraino hertsatzen, laboraria tinki aritzera behartzen. Baina kanpotik haragia, fruituak eta barazkiak sartzen dira lege horietarik libre, langilea merke pagaturik, ingurumena xehaturik, janaria pestizidaz, hormonaz eta OGMaz hanturik.
Frantziako gobernua bere aldetik ongi mintzo da, haatik egintzetan eta obretan usu herabe dago, "lobby" delakoek tinkatua. Holaz laborantza industrialetik at nekez joanen gara, eta ura alor eta elgeetara burrustan isuriko da, korritzen ahal deno.
Laborantzatik at ere sudurra sartu beharko du gobernüak uraren ongi partekatzeko, beste botere publikoekin eskuz-esku; lehen lerroan dirate naski herriak eta herri elkargoak. Delibero ausarten denboran sartuko gara, maite ala ez, denen bizia horien puntan izanez.
Zer erran beraz erresuma eta eskualde jadanik idorrez? "Afrikan bero egiten duela, ez da scoop bat" erraiten zidan berriki lagun batek. Ez naski. Baina beroegi zen gune bat oraino berotzen denean, zerbaitek han okertu behar du, eta froga hor dugu begien bistan: miseriak haizaturik, emigranteak handik heldu zaizkigu burrustan, ibaietako ura artora bezain joriki. Eta Saheleko basa gerlak ez ote dira, uste gabean, uraren gerlak, Sahararen hedatzeak piztuak?










